Entzun dira Astra iluntzeetako lehen doinuak
Aurten inoiz baino iluntze gehiago egongo dira, eta Cristina Narea arduratuko da uztailaren 8a musikatzeaz.
Bueltatu dira Astra Iluntzeak. Atzoko iluntzea berezia izan zen kulturarako fabrika sozialean, Moxal eta Aitor Etxebarriak bertan jo zituzten-eta udako iluntzeetako lehen doinuak. Kontzertu goxo eta lasaia izan zen, entzuleak harrapatu zituena. Astra barruan elkartu ziren musikari eta ikusleak, “eguraldiak hala behartuta”.
Elkarlana eta auzolana bultzatuz, herriko eragile desberdinek antolatutako ikuskizun desberdinekin gozatzeko aukera dute herritarrek eguazten iluntzeetan. Aurtengo kartela hamasei eragileren artean osatu dute, eta Lobak izan ziren atzokoa antolatu zutenak.
Astrako iluntzeak segurtasun eta protokolo neurriekin bueltatu dira. Distantziak mantentzeko bitartekoak jarri zituzten, bai eta higienea mantentzeko beharrezko tresnak ere. Hori horrela, aurrerantzean ere sarrerak aurretiaz erosi beharko direla adierazi dute: Drogueria Amution, 3 eurotan –egunean bertan ere salgai egongo dira–.
Aurten inoiz baino iluntze gehiago egongo dira, eta Cristina Narea arduratuko da uztailaren 8a musikatzeaz. Irailaren 2ra bitartean ez da musikarik faltako eguaztenetan Astran, eta kontzertu guztiak zuzenean ikusi ahalko dira Berakatzzopa.tv instragram kontuan.
Argazkiak: Unai Olaeta.