Baserritik Gernikarak lokala zabaldu du
Eguenetan 17:00etatik 20:00etara batu ahalko dituzte euren eskaerak herritarrek. Jasotze puntu horri esker, eskualde guztikoek erosi ahalko dute.
Merkatutik sarera egin zuten salto Busturialdeko baserritarrek, eta orain lokala zabaldu dute Gernika-Lumon. Errenteriako Zubialde kalean jarri dute, 6B zenbakian.
Busturialdeko baserritar, kontsumitzaile eta eragileak batu, eta ataria eratu zuten COVID-19aren pandemiaren hasieran, “ekoizleen produktuak zuzenean erosi eta etxean jasotzeko”. Orain, lokala ireki dute, eta sarean erositako produktuak jasotzeko puntu berria izango da; eguenetan 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik lokala. “Horrela, lanean edo hondartzan egonda ere kalitatezko produktuez gozatzeko aukera izango dute erosleek”, adierazi dute arduradunek.
Herritik haratago. Lokala zabaltzeak, produktuak eskualdera zabaltzea dakarrela uste dute Baserritik Gernikara sareko kideek: “Jasotzeko puntu horrek eskualde osoko kideek erosteko aukera ahalbidetuko du. Horrela, inguruko herrietako biztanle guztiek eskatu ahalko dute jasotze puntuan biltzeko saskia”.
Erosketa prozesua berdina izango dela zehaztu dute. Hau da, interesatuek asteazkenetan 12:00ak orduko egin beharko dute eskaera, eta, ondoren, etxez etxeko bidalketa edo jasotze puntua aukeratu beharko dute saskia eskuratzeko aukera bezala.