Busturialdeko gune arkeologiko nagusiak ezagutzeko bost ibilbide gidatu prestatu dituzte
Bizkaiko Foru Aldundiak bisita eta ibilbide gidatuak antolatu ditu uztailerako eta abuzturako. Irailean Zin-bidearen ibilbidea ere eskainiko dute. Bisitetara joateko aurretiaz izena eman beharko da.
Lurraldeko interes historikoko guneak ezagutzeko helburua duen Ibilbide historikoak programa martxan jarri du beste behin, Bizkaiko Foru Aldundiak. Aurten, Busturialdeko gune arkeologiko nagusiak ezagutzeko bost ibilbide prestatu ditu, eta Mikel Unzueta Portilla arkeologoa oroituko dute, “gune horiek ikertzen eta balioa ematen jarduteagatik”.
Bost ibilbide gidatu dauzka programak: Arratzuko Arrolako oppidum-aren aztarnategi arkeologikoetara bisita, Foruko erromatar herrira, Busturia eta Bermeo arteko Tribisburuko erromatar nekropolira, Ereñoko Ereñozar gaztelura eta Mundaka, Sukarrieta eta Busturiako Katilotxuko estazio megalitikora. Bizkaiko ondarea eta kultura zabaltzeko ibilbideak gaur hasi dira Foruko herrixka erromatarrera joateko bisitagaz.
“Ibilbide gidatu eta pertsonalizatuei esker, Bizkaian dauden zenbait baliabide ezagutu ahalko dira, gure lurraldearen historiaren zati handi bat biltzen dituztenak; hala nola, historiaurreko hilobiratze megalitikoak, Burdin Aroko kastro ikusgarri bat, Kantauri itsasoko ekialdean induskatutako erromatar kokagunerik handiena edo Urdaibaiko Biosferaren Erreserba osoan ikuspegirik onenak dauzkaten gailurretako batean kokatutako Erdi Aroko gaztelu baten hondarrak”, azaldu dute arduradunek.
Busturialdeko eskualdeko bisita gidatuak uztail eta abuztuan egingo dira, 11:00etan eta 17:00etan. Aurretiaz izena ematea gomendatu dute, 688.856.689 telefonora deituta edota ibilbideak@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzita. Bisiten egutegia Bizkaikoa webgunean aurki daiteke.
Natura ingurunearen eta kultura baliabidearen jasangarritasuna eta begirunea bermatu nahian, bisita batzuk oinez egingo dira eta beste kasu batzuetan tren turistiko bat erabiliko da. Bisitari taldeak txikiak izango dira beti.
Ibilbideak.
Arratzuko Arrolako Oppiduma Kauntauri itsasoko ekialdean dagoen erromatarren aurreko herrixkarik garrantzitsuenetako bat da. Gastiburu mendikatearen gailurrean eraiki zuten K.a. IV. mendean, eta K.o. I. mendera arte Urdaibaiko bizitza antolatu zuen biztanle-gune nagusia izan zen. Gaur egun, herrixka hori Arratzu, Nabarniz eta Mendata udalerrien artean banatzen da, eta 16 hektarea hartzen ditu barne. Arrolako Oppidumeko bizimoduaren ezagutza osatzeko, Arrolagune (Arratzu) interpretazio-zentroa bisitatuko da.
Foruko herri erromatarra Elexaldeko muinoan dago. K.o. V. mendekoa da eta 6 hektareako azalera hartzen du. Aztarnategia 2017ra arte induskatu dute, eta bertan hamalau eraikin egon zirela ondorioztatu dute, “tipologia eta erabilera desberdinetakoak”. Tourseko San Martin parrokia elizako lurpean, tenplu errenazentista kristauaren azpian, Erdi Aroko nekropoliak eta eliza gotiko baten oinplanoa aurkitu zituzten. Ibilaldian parte hartzen dutenek aurkikuntza horiek ikusi ahalko dituzte.
Bermeo eta Busturiako Tribisburuko nekropolia erromatar egitura multzo harrigarri bat da, Sollube mendiaren hegalean kokatuta dagoena. Aldundia duela zazpi urte hasi zen gune arkeologiko hori industeko lanetan, eta orain arte, hamar hilobi-egitura aurkitu dituzte. Tribisburun aurkitutako hondarrek K.o. I. mendetik III. mendera bitartean bertan bizi zirenek zeuzkaten hileta-ohiturak erakusten dituzte. Tribisburuko bisitan, Cannon erretegia da topagunea, Sollubeko mendatean; puntu horretatik, tren turistikoak taldea igoko du Tribisburuko nekropolitik 600 metrora dagoen basoko bidegurutze bateraino, eta handik oinez joango dira nekropoliraino.
Ereñozar gaztelua ibilbide historiko honen beste guneetako bat da. Ereñozar mendiko aztarnategiak Erdi Aroko gaztelu baten historiaren berri ematen du. XI. mendean eraiki eta XIII. mendean suntsitu zen. “Gaur egun ermita txiki bat duen gailurrean, bisitariek gure historiako garairik ezagunenetako bat gogoratu ahal izango dute”, azaldu dute arduradunek. Gaur egun nekropoliaren hondarrak, kontserbazioa dela-eta, ikusgai ez badaude ere, argazkiak, berregiteak eta hondar batzuk erakusten dira.
Katilotxuko estazio megalitikora ere bisitak egingo dituzte. Bisita horretan, Bizkaiko historiaurreko hileta errituak ezagutzeko aukera dago. Neolito eta kalkolito garaiei atxikitako trikuharriak ikusteko aukera egongo da, (induskatu eta zaharberrituak) baita tumuluak hurretik ikusteko ere. Aldi berean Urdaibaiko ezkerraldeko ikuspegiaz gozatu ahalko dute bertaratzen direnek. Bisita hau oinez egingo dute osorik.
Zin-bidea.
Irailaren 18, 19, 20, 26 eta 27an, Zin-bidea egingo dute. Ibilbide historiko bat da, Bizkaiko jaunaren urratsen atzetik, foruak zin egiteko egiten zutena: “Egintza hotsandiko funtsezko ekitaldi bat izan zen, eta garrantzi handia izan zuen iraganean erregearen eta bizkaitarren arteko harremana finkatu eta adostasunetara iristeko”.
Bilbotik abiatzen da ibilbidea eta Lezama, Larrabetzu eta Gernika-Lumo herriak zeharkatzen ditu Bermeon amaitu arte. Bisita oinez eskaintzen da, hiru etapatan, eta baita autobusez ere.
Helburu nagusi bi ditu bisitak: gure historia ezagutaraztea eta, Bizkaiko Foruen funtsean barneratzea, “bere ezarpen-mekanismoetako batzuk ulertzeko”. Bisitak egiteko, uneoro gordeko dira behar diren higiene- eta prebentzio-neurriak.