"Ikuspuntu literario batetik, nire egia kontatu dut liburuan"
Hamasei urtez egon zen kartzelan Karlos Gorrindo, ETAko militante izateagatik, eta kartzelaldian bizitako eta sentitutakoak bildu ditu ‘Funanbulistaren beldurra’ liburuan.
1980tik 1996ra bitartean kartzelan egon zen Karlos Gorrindo. ETAko militante izateagatik kartzelaratu zuten, eta bere iraganera salto eginda, garai hartan bizitakoak batu ditu testigantza liburu batean: Funanbulistaren beldurra. Bere egian oinarritutako “ekarpen literarioa” dela dio Gorrindok, eta memoria lanketa sakona egin behar izan duela onartu du: ”Gogorra izan da”.
Ez da zure lehenengo liburua, baina bai zure bizipenetan oinarritutako lehena. Berezia da hori lantzea?
Liburu guztietan beti agertzen da norbere bizipenen laburpentxo bat edo beste. Ez da asko asmatzen. Asmatzen da, baina horretarako erabiltzen dira irudikapenak edo bizipenak. Liburu hau batez ere nire esperientzia batean oinarrituta dago, eta besteak idaztea baino gogorragoa eta mingarriagoa egin zait. Izan ere, liburu honen bitartez berriro kartzelara sartu naiz, eta orduko sentimentuak berreskuratu edota berriro ekarri ditut nire presentziara. Oso berezia izan da iraganera joatea eta orainagaz jolastea. Nahikoa gogorra, tristea, mingarria izan da lanketa.
Izan ere, 35 urte atzera joan, eta 16 urtean bizitakoak batu dituzu liburuan.
Ez da erraza izan, eta ikerketa lan asko egin behar izan dut. Liburu hau idazteko oroimena eta irudimena erabili ditut. Oroimena izan da hari nagusia, baina oroimenean aurkitzen diren gabeziak betetzeko, irudimena erabili dut, oroimenari kalterik egin barik. Joseba Sarrionandiak liburua irakurri zuen, eta gertakizun bati buruz eztabaidatu genuen. Ni konbentzituta nengoen gertakari jakin bat urte jakin batean eman zela, baina berak ezetz zioen; bi urte geroago gertatu zela. Internetera joan ginen, eta berak zuen arrazoia. Gauzak aldatu nituen, kronologia oso garrantzitsua delako liburu honetan. Kronika liburu bat da, baita testigantza liburu bat ere. Izan ere, kartzelan bizitakoak kontatu ditut, nire esperientzia kontatu gura izan dut. Nik nire egia kontatu dut, nire bizipenak kontatu ditut, baina ikuspuntu literario batetik.
Sentipenez betetako liburua da.
Batez ere sentipenak ageri dira. Oso emozionala eta sentimentala naiz, eta bizipenak hortxe txertatu ditut. Baita ideologia eta politika egituratzeko orduan ere. Egin dudan ariketarik mingarriena atzera begira jartzea izan da, orduko sentimendu, emozio eta ideologiak gogoratu ditudalako. Urteetan emandako bilakaera ere ikusten da liburuan. Batez ere, emozio eta ikuspuntu politikotik. Ideologikotik ez horrenbeste. Izan ere, orain dela 50 urte pentsatzen nuena eta egun pentsatzen dudana gauza bera da. Pasatzen dena da helburuak berberak badira ere, helmuga horretara heltzeko erabiltzen diren baliabideak eta instrumentuak erabat aldatu direla.
Zergatik kaleratu duzu orain liburua?
Urte askotan galdetu diot nire buruari ea liburu hau idazteak merezi duen edo ez. Ingurukoek bultzatzen ninduten, baina dena saltsa askoko sopa izan zen. Izan ere, kartzelatik irten nintzenean nahaste asko sortu zen kalean, eta hori argitzeko ere balioko duela uste dut. Azkenean, egitea erabaki dut. Literatura ariketa bat izan da. Kartzelan bizitakoaren kronika da, autobiografikoa. Uste dut interesgarria dela kontatzen dudana. Gainera, gauza batzuk argitzeko balio badu, hobeto. Argibide bat emateko, eta ezagutzen ez den errealitate bat ezagutzeko.
Asko jorratu ez den ikuspuntua da kartzelan bizitakoak kontatzearena.
Nik idatzi dudan ikuspuntutik ez da askotan idatzi. Errealitate hori jaso da, baina fikzionatu egin da. Orduan, zergatik ez hori landu eta jakinarazi? Hau, baina, ez da entsegu bat. Ez da ikerketa ideologiko politiko bat. Nobela bat da, errealitatean oinarritutakoa. Neure egia da. Nik gura izan dudana kontatu dut. Horrek ez du esan nahi kontatu ez dudan hori kontatu beharrekoa zela. Hamasei urtean gauza asko gertatzen dira, eta ezin dira denak 320 orrialdetan laburbildu. Nik kontatu dudana da niretzako interesgarria izan zitekeen hori.
Bizipenen aukeraketa egitea erraza egin zaizu?
Ikuspuntu sentimental eta politikotik gertakari harrigarrienak jaso ditut. Ni kartzelan egon arren Euskal Herrian gertatutako hainbat pasadizo ere gogora ekarri ditut. Guri horiek kartzelara zelan heltzen zitzaizkigun eta zelan bizi genituen kontatu dut. Lanketa handia egin behar izan dut, anakronismoak ez emateko guk kartzelan bizi izandakoagaz eta kanpoan gertatutakoagaz.
Ekarpen politikoa egitea bilatu duzu?
Baliteke kartzelan egon den beste batek gauzak modu berean ez bizitzea, baina nik nirea jaso dut. Besteek beste horrenbeste eginez gero, egiak osatzen joango gara, ideia berberak jasoz edota kontrajarriz. Uste dut ezker abertzalean zauri asko daudela oraindik itxi barik, eta motxila asko daudela zamatuta. Motxilei karga kentzeko eta zauriak zarratzeko garrantzitsua da egia horiek ezagutzea. Hausnarketa asko egin behar dira. Ez dakit nire ikuspuntua aportazioa den edo ez. Baina egia da kartzelan modu batera bizi genituela hainbat gauza, eta kalean beste era batera. Kartzela barruan ETAko kideen artean izaten genituen eztabaidak ageri dira liburuan, eta helburu desberdinak genituela ere jasotzen da. Kalean ere asaldura zegoela ikusi genuen.
Liburuak 11 kapitulu ditu, egondako kartzela bakoitzeko bat.
Kartzela gehiagotan egon naiz, baina zeresan handiena 11k izan dute. Kapitulu bakoitzak musika bat ere badauka. Izan ere, literatura eta musikari esker ez nintzen atera ezineko zulo batean sartu. Asko lagundu zidan musika entzuteak eta irakurtzeak oreka emozionala izateko. Hala, markatu ninduten abesti edota taldeak aukeratu ditut kapitulu bakoitzerako. Inpaktu emozional itzela eragin zidaten abestiak dira, eta horien zergatiak ageri dira kapitulu bakoitzean. Esate baterako, estatu kolpea eman zenean Sorian geunden, eta kontatzen dut hori gertatu zenean, konbentzituta nengoela bertan hil egingo nindutela. Telebista piztuta zegoen, eta maitasunari buruzko abesti bat agertu zen. Horrek errealitate gordinetik urrundu ninduen.
Liburuaren lanketa zelakoa izan da?
Idazten denbora gutxi egon naiz, baina lantzen, denbora horren hirukoitza. Joseba Sarrionandiari liburua irakurtzeko eman nion, 160 orrialdekoa zen orduan. Irakurri eta hurrengo egunean, baina, hori liburua idazteko materiala bakarrik zela esan zidan. Bere aholkuei esker, edukia moldatu eta bukatuta nuen istorioa 160 orrialde izatetik 320ra izatera pasatu zen. Aholku horiei esker ondu dut. Izan ere, hasieran hirugarren pertsonan idatzi nuen, orainaldian. Azkenean lehen pertsonan eta lehenaldian idatzi dut. Hasieran ez nuen horrela egin nahi, lehen pertsonatik aldentzeak ez zidala horrenbesteko eragin emozionalik eragingo uste nuelako. Agertzen diren pertsonaiak ere errealak dira, izen eta ezizen guztiekin. Horrek gertutasuna ematen du, eta testigantzei balioa gehitzen die.
Emaitzagaz pozik geratu zara?
Liburu honegaz jorratu eta landu behar izan ditudan gorabehera guztiak kontuan hartuta, uste dut liburu honegaz idazle sentitzen hasi naizela. Ahalegindu naiz sinpletasunaren edertasuna bilatzen.