Gerekizeko autobus geltokia berreskuratu dute
Bi2121 errepidean jarri dute geltokia. Halaber, Gerekizeko herriguneraino heltzeko espaloia ere egin dute, "oinezkoen bide segurtasuna bermatu asmoz".
Martxan dago dagoenerako Gerekizeko autobus geltoki berria. Ekainaren 15etik, bertan gelditzen dira Gernika-Lumoko eta Mungiako norabidean doazen autobusak.
Geltoki berria Eskerika edota Errota auzoan bizi diren bizilagunentzako “oso egokia” dela dio Maria Teresa Artetxe Morgako alkateak: “Gernika-Lumotik Mungiara edota alderantziz joateko ondo datorren zerbitzua da. Auzoetatik gertu uzten ditu Morgatarrak”.
Gerekizeko geltokia berreskuratu egin dute, duela hainbat urte kentzea erabaki ostean. Artetxek jakinarazi duenez, autobus gidariek Gerekizen buelta emateko zituzten zailtasunengatik kendu zuten geltokia: “Autobus gidariek esan zutenez, Gerekizen buelta emateko arazoak zituzten, izan ere, ikuspen gutxiko tartea zela zioten”. Hori horrela, geltoki berria BI2121 estatuko sare orokorreko errepidean egitea aurreikusi zuten.
Geltokia BI2121an errepidean kokatzean, oinezkoen bide segurtasuna ere bermatu behar izan dute, geltokitik herriraino doan espaloia jarriz. “Oinezkoek alde batetik bestera zeharkatzeko aukera eduki behar zuten, eta herriraino segurtasunez heltzeko aukera bat. Hala, bertaraino Donejakue bidea heltzen dela aprobetxatuz, geltokitik Gerekizeraino heltzen den espaloia eraiki da, eta oinezkoak ez dira errepidetik joan beharko”. Geltokiak berriak duen ziurtasunagaz “lasai” daudela morgatarrak dio alkateak.
Sinadura bilketa. Artetxek jakinarazi duenez, duela urtebete hasi ziren geltokia berreskuratzeko asmoekin: “Aldundiak geltokia kentzeko erabakia hartu zuenean horren aurka jarri ziren morgatarrak, eta duela urtebete sinadura bilketa hasi zuten”. Morgan bide komunikazioari dagokionez, “ez dagoela zerbitzu askorik” dio Artetxek, eta horregatik hasi zutela sinadura bilketa adierazi du. Herritarren konpromiso horrek proiektua gauzatzearen erabakiari “indarra” eman diola uste du.