Zortzigarrenaren bila uretaratzeko prest
Asteburu honetan hasiko da arraun ikuskizuna, eta zortzigarren ligako titulua lortzeko ilusioagaz daude Bermeon. Asteburuan Galizian daukate denboraldiko lehen hitzordua, eta atzo aurkeztu zuten aurtengo taldea. Olatuan batu ziren Bou Bizkaia–ko arraunlariak.
IV Cidade da Coruña banderagaz hasiko dute lehia, uztailaren 4an eta 5ean. Aurreko barikuan egindako denboraldiaren aurkezpen ekitaldian egin zuten lehen estropadarako zozketa. Hirugarren eta azken txandan uretaratuko da Urdaibai Hondarribia, Kaiku, eta Zierbenagaz batera. Ares, Donostiarra, Ondarroa eta Orio egongo dira lehen txandan, eta bigarrenean Lekittarra, Santurtzi, Cabo, eta Zarautz.
18 jardunaldiko egutegia daukate aurten gizonezkoen taldeek, eta Euskotren Ligan dauden emakumezkoen taldeek, berriz, 12 estropada lehiatuko dituzte.