Zaintza soziosanitario publikoa aldarrikatu dute pentsiodunek Merkatu plazan
Udako etenaldiaren aurreko elkarretaratzea izan da gaur Gernika-Lumon egin dutena; irailean bueltatuko dira kalera. Busturialdeko pentsiodunek, beste behin, zaintza soziosanitario publikoaren alde egin dute.
Duela bi urtetik aldarrikatzen ari diren pentsio duinen aldeko deia egiteaz gain, zaintza soziosanitario publikoaren beharra azpimarratu dute Busturialdeko pentsiodunek Gernika-Lumoko Merkatu plazan: “Zaintza soziosanitarioa administrazioaren ardura izan behar da. Inoiz baino argiago daukagu zuzen genbiltzala beste eragile askorekin batera lana, bizitza eta pentsio duinak aldarrikatzen”.
Oraingoan ere horrela egin dute. Zaintza soziosanitario publikoa. Negoziaziorik ez! leloa zeraman pankarta esku artean hartuta zutela, negozioak ezin duela eskubideen arloa “zurrupatu” aldarrikatu dute. Izan ere, COVID-19aren pandemiak “oraindik asko dagoela egiteko” erakutsi duela diote: “Datu orokorrek esan dutenez, nagusien egoitzak ez dira gai izan gaixoari ganoraz aurre egiteko. Ez dute bete asistentzia duin baten exijentziarik. Etekin ekonomikoaren bila dabiltzanak ezin dituzte kudeatu nagusien egoitzak”.
Bizkaiko Foru Aldundiari zaharren egoitzetako “benetako errealitatearen berri emateko” eskatu diote. Zahartzaro duina eta asistentzia duina eskubideak direla aldarrikatu dute. Egoiliarrekiko eta horien zaintzaren ardura duten langileez ere “arduratuta” daude. Eta Gernika-Lumoko Kaltzada Egoitzaren kasua jarri dute adibidetzat. Gogoratu dutenez, langileak bertan konfinatu ziren alarma egoera ezarri zenean, baina orain konfinamentua bukatuta ere, euren egoera “prekarioa” dela uste dute: “Emakumeak dira egoiliarren zaintzaz arduratzen diren gehientsuenak, eta etorkinak. Denak gutxi ordainduta daude”.
Pentsio duinen alde. Busturialdeko pentsiodunek, gainera, euren eskakizunak ere bere horretan jarraitzen dutela adierazi dute: “Pentsio duinen eskakizunek hor jarraitzen dute. Bi urte eta erditan lortutakoak ahaztu barik, borrokatzen jarraituko dugu”. Hala, beste behin, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko gutxieneko soldatak eskatu dituzte.
Urtarrilaren 30ean greba orokorragaz bat egin zutela esanda, udako etenaldiaren ostean, irailean bueltatuko dira: “Pentsiodunen mugimendua oso bizirik dago. Udan ez ditugu elkarretaratze gehiago egingo, baina lanean jarraituko dugu, batzartzen eta gure eskaerak prestatzen”. Irailean “ardoretsu” eta “gogo betez” itzuliko direla diote.