Osasun krisiaren aurrean "berriz ere zutik" jartzearen konpromisoa hartu du EAJk
Iñigo Urkulluren esanetan, autogobernuan "sakondu" behar da, hori baita COVID-19aren pandemiak ekonomian eta enpleguan eragin duen krisiari aurre egiteko "funtsezko tresna".
Hasi da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina. Ezohiko kanpaina Gernikako arbolaren aurrean hasi zuen atzo iluntzean Eusko Alderdi Jeltzaleak. Batzarretxean, EAJk COVID-19ak eragindako osasun krisi eta krisi ekonomikoaren aurrean Bizkia, Araba eta Gipuzkoa “berriz ere zutik” jartzearen konpromisoa hartu zuen.
Jeltzaleek Bizkai, Araba eta Gipuzkoaren aldeko jarduna egiteko konpromisoa hartu zuten, eta Gernikako aritza dela horren lekukoa aitatu zuen Andoni Ortuzar EAJren EBBren presidenteak: “Euskadirekin daukagun konpromisoaren lekukoa da aritza. Euskadi honek ez du amore eman nahi, ez du COVID-19ak eragindako zulo beltzera berriro sartu nahi. Eta, Euskadi horri esan nahi diogu EAJrekin konta dezala, EAJk herri hau berriz ere zutik jartzeko lan egingo duelako. Aurrera irtengo gara, inoiz baino elkartuago eta solidarioago”.
Iñigo Urkulluren esanetan, autogobernuan “sakondu” behar da, hori baita COVID-19aren pandemiak ekonomian eta enpleguan eragin duen krisiari aurre egiteko “funtsezko tresna”. Haren esanetan, pandemiaren lehenengo kolpeari aurre egitea lortu da: “Autogobernu sendoa dugulako, eta orain bigarren kolpeari, krisiari, aurre egin ahal izateko, autogobernuan sakondu behar dugu”. Hala, egoera gainditzeko asmoz, itun sozial eta politikoa proposatu zuen autogobernua eguneratzeko: “Aberrigintza da kontsentsu sozialak berritzea eta aurrera egitea, ezkortasun- eta gatazka-kiribilak atzean uztea”.
Urkulluk gogoratu zuenez, hiru eskuduntza berri izenpetu dituzte: “Euskadi moduko herri konplexu baten egituraketak exijitzen du horiek behin eta berriz adostea”. Gogoratu zuenez, ezin da itunik egon, “benetako aldebikotasuna izango duen elkarrekiko bermeen sistema bat egon ezik”. Hori dela eta, EAJk Espainiako Estatuaren eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoaren arteko harreman sistema baten alde egiten duela adierazi zuen, autogobernua alderdi bakarretik aldaraztea eragotziko duena: “Euskal autogobernua sakontzeko gogoak mugiarazten gaitu, elkarrizketan, negoziaketan eta akordioan oinarrituta aurrera egiteko borondate politikoak”.
Eusko Legebiltzarreko presidentziarako hautagai eta Gipuzkoako zerrendaburu Bakartxo Tejeriak “erantzunkizuna, elkartasuna, berdintasuna, erresilentzia, elkarrena arteko lana eta auzolana” euskal herritarrek partekatzen dituzten balioak direla esan zuen, eta balore horiek izan zirela 80eko hamarkadako “eraldaketa sozio-ekonomiko bizia” gauzatzeko gakoa adierazi zuen: “Hori da gure eredua. Iraganean egin izan dugu eta berriro egingo dugu; lan egingo dugu koronabirusaren krisia aukera bihurtzeko, herri honek nazio aurreratuenen artean jarrai dezan”.
Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko zerrendaburua ere kanpaina hasieran egon zen, eta “oraina eginez eta geroa eraikitzeko” unea dela azpimarratu zuen: “Mendeetan gorde diren balore tradizionalei lotutako eredu sozialetik gero eta gizarte dinamiko eta globalerako bidea egiten ari gara. Trantsizio honi aurre egingo diogu errealismoarekin eta erantzukizunarekin, irtenbide sinplistetan erori gabe”.
Ortuzarrek, gainera, herritarrei eskatu zien botoa eman dezatela, “birusaren eta etorkizunaren beldur izan gabe”.