Elena Agirre urruzunotarren sarera gehitu da
Agirre poesian saritu dute, B kategorian, 'Instagram' izeneko lanagatik.
Euskaraz idazteko zaletasuna gazteen artean sustatzeko sortutako Urruzunotarrak gehituz literatur lehiaketaren saridunak ezagutarazi dituzte. Eta, beste behin, sarituen artean daude eskualdeotako ikasleak.
Gernika BHIko Elena Agirre Martija izan da aurtengo sarituetako bat, eta horrenbestez, urruzunotarren zerrendara batu da. Lehiaketa honetan, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako eta Nafarroako ikasleek parte hartzen dute, eta bi kategoria desberdinetan banatzen dituzte: prosa eta poesian. Martija poesian saritu dute, B kategorian, Instagram izeneko lanagatik.
Ilusioz beterik hartu du saria Agirrek, eta institutuko ordezkariak ere pozarren daude: “Institutuarentzat oso pozgarria da gure ikaslek euren ibilbide akademikoaz gain dauzkaten beste gaitasunetan maila bikaina erskustea eta sariak lortzea”.
Gernikako institutuko ikasleak, sari modura, Zugarramurdiko Graxiana aterpetxean literatura-egonaldia egingo du, abuztuaren 31tik irailaren 6ra. Bertan, saridun guztiek literatur-tailerrak eta bestelako ekintzak egingo dituzte.
114 lan. Betiko legez, literatur munduko izen ezagunek osatu dute epaimahaia. Hain zuzen, Jasone Osorok, Gari Berasaluzek, Peru Iparragirrek, Goiatz Labandibarrek eta Patxi Zubizarretak izan dute DBH 3 eta 4. mailako, Batxillergoko eta Erdi Mailako zikloetako ikasleen lanak aztertzearen ardura. Kategoria eta maila guztiak kontuan hartuta, 114 lan aurkeztu dituzte, eta horietatik 21 saritu dituzte.
Sari banaketa irailaren 4ean egingo dute, Gasteizen. Ordurako, lanak argitaratuko dituztela jakinarazi dute.