Final handirako prest
Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Gentzane Aldaik Leire Garai eta Olatz Ruiz de Larramendiren kontra jokatuko dute Emakume Master Cup txapelketaren pilota mistoko finala, domekan.
Txapelketaren anitztasunaren ispilu izango dira Laboral Kutxa Emakume Master Cup-eko domekako finalak [ekainak 28]. Pilota zaleek Irungo Urantzu frontoian daukate hitzordua, 17:00etan.
Pilota mistoarekin jokatuko den finalak badauka mamia. Lehen aldia da Emakume Master CUp txapelketaren binakakoan material gogorragoarekin jokatu dena, eta bertan ere estiloen arteko lehia egotea espero dute antolatzaile eta adituek. Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldai bizkaitarrak txapelketak izan duen garapenaren isla dira. Arrizabalaga gernikarra gogotsu dago, txapela lortzeko borrokatzeko ilusioagaz. Orain arte pilota goxoarekin aritu badira ere, Binakako honetan mistora jauzia ematera animatu dira eta emaitza ezin hobea izan da, finalerako bidea osatu dute eta. “Eskuak eta ondo dauzkagu, nik uste gatzena lehen pauso hori ematea dela, behin ohituta, eta ondo egiten baduzu, azkenean jokatu daiteke. Ez da pilota oso oso exigentea, berea behar du, baina ondo moldatuz gero, ez dago arazorik”, azaldu du gernikarrak.
Parean Nafarroako bi pilotari gazte edukiko dituzte: Leire Garai eta Olatz Ruiz de Larramendi. Bi pilotari hauek ohituagoak daude pilota gogorragoarekin jokatzen, eta euren kolpe biziari etekina ateratzen saiatuko dira.
Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi nafarrek Nagore eta Leire Galeano antzuolarren aurka jokatuko duten pilota goxoko finala. Leitzakoa eta Eulatekoa aurpegi ezagunak dira txapelketan, 33 eta 46 urte dituzte, eta eskarmentu handia dute pilotalekuetan. Debagoieneko ahizpa gazteek, ordea, 13 eta 15 urte baino ez dituzte, sei partida irabazi behar izan dituzte finalera heltzeko eta, ezbairik gabe, lehiaketako ezustekorik handiena izan dira. Belaunaldi arteko talka izango da finalekoa, emakumeen esku pilotaren orainaren eta geroaren artekoa, interesez betea.
Arazoak arazo eta oztopoak oztopo, amaiera polit bat izango du igande honetan txapelketak. Ez agian, duela urte eta erdi, Irungo Udala eta txapelketaren antolatzaileak, hitzordu hau prestatzen hasi zirenean espero bezalakoa, baina girorik ez da faltako normalean gizonezkoen esku pilotarentzat ETB-k gordeta duen igande arratsaldeko ordutegian jokatuko diren bi finaletan. Orain urte bete estreinatutako Irungo Uratnzu pilotalekuan 727 pilotazale sartzen badira ere, domekan 351 pertsona sartu ahal izango dira, segurtasun neurri guztiak zorrotz betez, eta bertaratzerik ez dutenek ETB-1ean ikusi ahal izango dituzte bi final erakargarri hauek. Jaialdirako gonbidapenak www.irun.org helbidean lortu daitezke.
Atzoko aurkezpenean Borja Olazabal Irungo Udaleko kirol zinegotziak jakitera eman zuenez, 2021eko txapelketaren finalak ere Irunen jokatuko dira. Olazabalek eta Rebeca Gonzalez berdintasun zinegotziak eta Laboral Kutxako Maria Jesus Bengoetxea eta Maria Bañaresesek Urantzu pilotalekura gerturatzeko gonbita luzatu zieten pilota zaleei eta, batez ere, arduraz jokatzeko eskatu zieten, “festa erabatekoa izan dadin”.