Bermeoko Udalak 'Aita Guria' desegiteko erabakia hartu du
Berritze lanek ia milioi bat euroko kostua izango luketela jakitera eman dute. Baleontziaren estrukturaren egoera "oso txarra" dela dio txosten batek.
Bermeoko Udalak gaur eman du jakitera portuan dagoen Aita Guria baleontzia desegiteko erabakia hartu duela.
Azaldu dutenez, aurreko udal gobernuak itsas-ingeniaritza enpresa bati enkargatutako txostenak jaso dituzte azken hileetan. “Txostenean jasotzen denez, 2003an egindako baleontziaren estrukturaren egoera oso txarra da. Printzipioz, urte horretan egindako ezer ere ez ezingo litzateke aprobetxatu”.
Berritze lanek, gainera, ia milioi bat euroko kostua izango luketela jakinarazi dute. “Horreri baleontzia karroan edukitzearen eta berritze lanak egin eta gero behar bezala mantentzeko kostua eta urteko asegurua gehitu behar zaio”, azaldu dute.
Udaletik aipatu dutenez, itsas ingeniariak honakoa ondorioztatu du txostenean: “Aita Guria baleontzia kriterio historiko eta zientifiko nahikorik jarraitzen ez duen birsorkuntza bat dela kontutan hartuta, Bermeoko ondare historiko edo kulturalik ez litzateke galduko desagerraraziko balitz”.
Txosten berdinak dio 2003an eraiki zen egurrezko estrukturarako erabili zen materiala, “ez zela kalitatezkoa izan”. Ziur aski, “kalitate gutxiko pinu egurra erabili zen, edo/eta denbora gutxiz sikatutakoa”, gehitzen du txostenak. Egurrari kurba forma emateko erabili zen tratamendua “erasotzailea” izan zela ere badio, “kalitate gutxi zuen egurra hondatuz”.
Galerak. Azken urteetan baleontziak izan dituen galerak ere nabarmendu dituzte. Denborale baten ondorioz, mastapaloak eta belak galdu zituen, “ordutik bere egoerak okerrera egin du”. Azken urtea karroan igota eman du, “bisitaririk hartu barik”. 2006tik 2019ra 2.277.555 euroko gastua izan duela aipatu dute, eta 177.550 euroko diru sarrerak sortu ditu.
Arrazoi guztiak kontuan hartu ostean, udalak ondorioztatu du herriak “ezin duela baleontzia berreskuratzeko lanak bere gain hartu”. Gaineratu dute, urte beteko aurrekontuko inbertsio guztietako dirua ere “ez litzatekeela nahikoa izango”.
Hala, Bermeoko Udalak Aita Guria baleontzia desegiteko prozedura abiarazi du.