21.283.564 euroko aurrekontua onartu dute Gernika-Lumon
Gizarte ekintzak bultzatzeko 1.293.751,92 euroko diru saila onartu dute, eta inbertsioen atala aurrekontuaren %9,07 izango da.
Gernika-Lumoko Udalak 21.283.564,12 milioi euroko aurrekontua onartu du aurtengo ekitaldirako. “Egungo egoera ekonomiko ezberdinarekin bat datozen zifrak dira, eta horiekin oso zorrotzak izaten jarraitu behar dugu gastua gauzatzean”.
Iñaki Gorroño ogasun eta ondare zinegotziak azaldu duenez, COVID-19aren testuinguru orokorrean, udala diru sarreren araberako aurrekontuak egiten saiatu da, “baliabideak optimizatzen saiatzeko irizpideari jarraituz”. Udal langileei zuzendutako kopurua izango da aurtengo aurrekontuen kopururik handiena. Hain zuzen, 5.611.445,87 euro bideratuko dituzte, iazko ekitaldian baino %2,87 gehiago.
Gizarte ekintzak bultzatzeko 1.293.751,92 euroko diru saila onartu dute. “Urte honetan bizitzen ari garen salbuespen egoera dela eta, plan ekonomiko honen protagonismoa Gizarte Ekintzetara bideratutako diru sailean dago”, azaldu du Gorroñok.
%9,07 inbertsioetara. 2020ko aurrekontuen %9,07 inbertsioetara zuzenduko dute, 1.806.149,82 euro hain zuzen ere. Zehaztu dutenez, herriko irisgarritasuna hobetzea da helburua, eta hori bultzatzeko hainbat proiektu zehaztu dituzte. Ekitaldi honetarako kirol azpiegiturak berritu gura dituzte, eta 425.766,92 euro aurrikusi dituzte horretarako. Herriko bideen mantentze lanak egiteko 323.246,19 euroko diru saila onartu dute, eta San Juan kaleko irisgarritasuna hobetzeko proiekturako, berriz, 284.000 eurokoa.
Halaber, 180.000 euro bideratuko dituzte hezkuntza zentroetan hainbat egokitzapen egiteko.
Besteren artean, Pasealekuko Zaharren Etxeko ekipamendua berritu gura dute, eta 95.800 euroko aurrekontua onartu dute. Iparragirre kaleko bidegorria eraikitzeko proiektua ere badute, eta horretara 67.924 euro bideratuko dituzte.
Era berean, ondasun arruntetako eta zerbitzuetako gastuen diru sailak nabarmendu dituzte, 7.158.322,01 euro bideratuko baitutuzte kapitulu horretara; iaz baino %4,64 gehiago. Transferentzia arrunten atalera 5.013.430,19 euro bideratuko dituzte, aurrekontuaren % 25,18 eta iaz baino % 2,74 gehiago.
Bestalde, erakunde autonomoen aurrekontuak ere ontzat eman dituzte. Zehazki, Kultur Etxeak 2.115.863,65 euro jasoko ditu, Kirol Patronatuak 1.749.761 euro, udal euskaltegiak 472.028,13 euro eta Lanbide Ekimenen Zentroak, berriz, 576.063,28 euro.