Uztailerako ekintzak prestatu ditu Muxikako Udalak
Parte hartzeko aurretiaz izena eman behar da. Ekintza guztietan segurtasun neurriak bermatuta egongo dira.
Muxika, Ibarruri eta Gorozikako bizilagunentzat uztailerako planak prestatu ditu udalak.
Eskulan eta skate ikastaroak, familian egiteko yoga eta pilates saioak, familia irteerak eta ipuin kontaketak egingo dituzte hurrengo hilabetean. Ekintza guztietan segurtasun neurriak bermatuta egongo dira, eta parte hartzen dutenek maskarak eroan beharko dituzte derrigorrez.
Astelehenetan Zubieta Errotan emango dute eskulan ikastaroa [uztailak 6, 13, 20 eta 27]. 3-6 urte bitartekoak 11:00etatik 12:00etara ariko dira, eta 7-12 urte bitartekoak 12:00etatik 13:00etara. Ume bakoitzeko 15 euro ordaindu behar dira, bi edo hiru neba-arrebeko familiek, berriz, 25 euro ordaindu behar dituzte.
Yoga familian saioak martitzenetan [uztailak 7, 14, 21 eta 28] izango dira, Zubieta Errotan, 11:30etik 12:30era. 7 urtetik aurrerako umeekin parte hartu ahalko da, eta familian egiteko pentsatutako saioak badira ere, helduek ere bakarka parte hartuko ahalko dute. Guraso eta seme-alaba banak 20 euro ordaindu behar dituzte, guraso bat eta bi edo hiru seme-alaben kasuan, 25 euro ordaindu behar dira, eta nagusi batek bakarka ikastaroa egingo badu 15 euro ordaindu behar ditu.
Eguaztenetan [uztailak 1, 8, 15, 22 eta 29] egingo dute pilates familian ikastaroa, Zubieta Errotan, 11:00etatik 11:50era. Yoga familian ikastaroko baldintza berdinak ditu.
Skate ikastaroa, ostera, frontoian emango dute, eguenetan [uztailak 2, 9, 16, 23 eta 30], 11:00etatik 13:00etara. 7-14 urte bitartekoei zuzenduta dago, eta taldea osatzeko gutxieneko kopurua 14 pertsona dira. Umeko 20 euro ordaindu behar dira, baina bi edo hiru neba arrebeko familiak 35 euro.
Uztailaren 3an eta 17an [barikuak], 4 urtetik aurrerakoentzat ipuin kontaketa saioak egingo dituzte Zubieta Errotan, 12:00etatik 13:00etara [doakoak].
Uztailaren 10erako eta 24rako [barikuak], berriz, familian egiteko ibilaldiak prestatu dituzte. Taldea osatzeko gutxieneko kopurua 14 pertsona dira. Udalak begiraleak jarriko ditu, eta beraz, ez da derrigorra umeak gurasoekin joatea (hamaiketakoa norberak eroan behar du). Bi egunetan, 10:00etan Galtzadako aparkalekuan elkartuko dira.
Uztailaren 10ean 6km-ko ibilbidea egingo dute: Galtzada-Zubieta-Amona-Kanpantxu-Maier-Lurraska-Mentzeta-Amona-Zubieta-Galtzada. Uztailaren 24koa 7km-ko ibilaldia izango da: Galtzada-Remenetxe-Trama-Santiago bidea-Bilikario-Esperantza-Barandika-Ugarte-Bide Gorri-Galtzada.
Izen ematea. Ekintzetan parte hartzeko ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea, Zubieta Errotan goizez, 645 00 66 63 telefono zenbakira deituta edo liburutegia.muxika@bizkaia.org helbide elektronikora idatzita. Ekainaren 29a [astelehena] da izena emateko eta ordaintzeko azken eguna.