Paula Ginzo kantabriarrak Gernikan jokatuko du hurrengo denboraldian
"Kantxa barruan langilea naiz, jakinmin handikoa eta oso lehiakorra, horregaitik uste dut taldeari asko eman ahal diodala", esan du hegaleko pibotak.
Paula Ginzo Arantes da Lointek Gernika Bizkaiaren bigarren fitxaketa 2020-2021 denboraldiari begira. Santoñakoa “orainaldi eta etorkizun oparoko” jokalaria dela eta multzo gazte bat osatzeko talde gernikarraren “apustu sendoa indartzen” duela nabarmendu dute klubaren arduradunek.
Al-Qazeresetik datorren barneko jokalaria da, eta Emakumezkoen Ligako gazterik onenetariko batean bilakatu da bertan. Siglo XXI taldetik ateratako gazteak Movistar Estudiantesen eskutik egin zuen debuta Emakumezkoen Ligan. Ondoren, Al-Qazeresera egin zuen jauzi, eta Extremadurako taldeko zutabe nagusietako batean bilakatu da bertan egon den bi denboraldietan, bataz beste ia 35 minutu jokatuz. 1,88m-ko hegaleko pibota Espainiako 23 urte azpiko jokalari onenen zerrendan izendatu dute, bataz beste 9,3 puntu eta 5,5 errebote eskuratzeagatik.
Kantxan daukan borrokatzeko grina azpimarratu du klubak. “Kantxa barruan langilea naiz, jakinmin handikoa eta oso lehiakorra, horregaitik uste dut taldeari asko eman ahal diodala”, esan du Ginzok. Haren berbetan, Gernika-Lumoko klubaren eskaintza onartu zuen Emakumezkoen Ligan “egonkortuta” dagoen taldea delako eta epe laburrean “ambizio handiko” proiektua daukalako. Hurrengo denboraldiari begira, ikusmira oso altu jarri du: “Nire onena emateko gogo asko ditut, bai jokalari moduan zein taldekide moduan, eta bide honetatik talde moduan ahalik eta gorenen bukatu nahi dut ligan eta EuroCupen. Etorkizun oparoa dugu aurretik”.
Mario Lopez entrenatzaileak adierazi du albiste bikaina dela Espainiako selekzioan debutatu duen hain jokalari gazte bat taldean izatea eta Nogaye Lorekin bikote ederra osatuko duela uste du: “Oso pozik gaude bere fitxaketarekin, Espainiako saskibaloiaren etorkizun eta orainaldi handiko neska da. Barneko posizioetan aritzen den jokalaria da eta 4 eta 5 postu horietan mugitzen da. Bizkarrez zein aurrez aurre jokatzeko baliabideak ditu, baina batez ere bere nortasunak, gogoak eta lehiakortasunak dira bere dohain nagusienak”.
Fitxaketa honekin Lointek Gernika Bizkaiak jada sei jokalari ditu taldean: Itziar Ariztimuño, Marta Alberdi, Belén Arrojo, Nogaye Lo, Roso Buch eta Paula Ginzo. Talde gaztea eta oso lehiakorra osatzeko lanean ari direla zehaztu dute klubaren arduradunek.