Neguko eta udaberriko lehiaketako irabazleek sariak jaso dituzte
Oscar Lopezek eta Karmele Allikak Errigoraren lote osoa jaso dute saritzat.
Bermeoko Berbalagun egitasmoak antolatutako neguko lehiaketako irabazlea izan zen Oscar Lopez, baina konfinamenduagatik ezin izan zuen saria jaso. Udaberriko lehiaketa, berriz, Karmele Allikak irabazi du. Irabazleek Errigoraren lote osoa hartu dute saritzat.
Berbalagun egitasmoko arduradunek jakinarazi legez, udaberriko lehiaketan 62 erantzun jaso dituzte. Azken honetan, egoeragatik, sarean baino ezin zen parte hartu.
Bestalde, ikasturte amaiera “berezi” honetan, azken hilabeteetako balorazioa ere egin dute. “Hasieratik, konfinamenduan euskaraz praktikatzeko eta bizitzeko tresnak sortu genituen: aholku eta baliabide sortak, euskarri berriak, bideo tutorialak… Horrekin batera, PRAKTIKATUren online eskaintza garatu dugu: itxialdian mintzataldeak modu telematikoan aritu dira; topaketa birtualak bideratu ditugu; lehiaketak, tailerrak edota erronkak antolatu ditugu; Autu-Mautuak eskaini ditugu, gai zehatzei buruzko online solasaldiak”, azaldu dute. “Arazoa”, hortaz, “aukera bilakatu” dutela uste dute, eta jaso dituzten balorazioak ikusita, datorren ikasturtean horiek guztiak Berbalagun egitasmoaren eskaintzaren barruan egongo direla jakinarazi dute.
Hiru hilabete bete dira kanpaina abiatu zutenetik, eta helburua bete dutelako “harro” daude: “Birusak ez gaitu mututu!”.