Kepa Arronategi Aita Menni ospitalera ekarri dute
Larri gaixo dauden presoak etxean egon behar dutela aldarrikatu du Sarek; elkarretaratzea deitu du hilaren 30erako. 20:00etan izango da, Merkurio iturrian
Kepa Arronategi preso politikoa Arrasateko Aita Menni ospitalera lekualdatu dute. Buruko gaixotasuna du Arronategik, eta berau artatazeko ekarri dute Euskal Herrira. Etxetik eta familiarengandik gertuago egon arren, Sarek salatu du gaixo dauden presoei etxean egoteko eskubidea urratzen dizkietela oraindik, Arronategirekin gertatu bezala. “Kepa dagokion zentroak, etxekoengandik gertu eta Euskal Herrian izatea bere egoera hobetzeko bidea da, zalantzarik gabe. Aitzitik, Kepari, larri gaixo dauden preso guztiei bezala, etxean etxekoekin eta kalean egotea dagokio”, azaldu du.
Arronategi eta gaixo dauden presoen etxeratzea eskatzeko, elkarretaratzea deitu du Sarek ekainaren 30erako. 20:00etan elkartuko dira, Merkurio iturrian, Izan Bidea dinamikarekin bat eginez, herritarrak gobidatu ditu parte hartzera, eta “ibiltariak izatera”.
Orain urte batzuk jakin zuten Arronategi gaixo zegoela, eta euskal presoen aurka sistematikoki aplikatutako salbuespen neurrietan oinarritutako espetxe politikak eragin zuzena izan duela aipatu du Sarek: “urrunketa, dispertsioa, lehenengo graduko baldintza gogorrak…”. Arronategik bere beharrei erantzungo dituen espazioa eta mediku-artatzea behar duela esan du Sarek, eta “espetxeko lau hormak” ez direla inoiz izango gaixotasun larria duen preso bat artatzeko lekua. “2020. urtean euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen existentzia hutsak agerian utzi du konpondu gabeko aferak daudela. Horien soluzio bidea gauzatzea beharrezkoa zen atzo, eta are gehiago gaur, pandemia hau tarteko”.