Eako Udalaren ohiko diru laguntzak eskatzeko epea datorren astean amaitzen da
Euskara, musika eta bestelako ikasketak egiten ari direnei eta kiroldegietako eta Eako Haurreskolako erabiltzailei zuzendutako laguntzak dira. Ekainaren 30an da eskaerak aurkezteko azken eguna.
Euskara, musika eta bestelako ikasketak burutzen dituztenei zein kiroldegietara eta Eako Haurreskolara doazenei diruz laguntzeko prozedura eta deialdia onartu du beste urte batez Eako Udalak. Hain zuzen, diru laguntzen bi prozedura egitea erabaki dute, eta lehenengo prozeduran eskaerak egiteko epea martitzenean [ekainak 30] amaitzen da. Bigarren prozeduran abenduaren 31ra arte egin ahalko dira eskaerak.
Udalerrian erroldatutakoei zuzendutako laguntzak dira. Eako Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira eskaerak, 10:30etik 14:00etara, eta telematikoki ere aurkeztu ahal dira. Eskaerak orriak udaletxean eta udalaren webgunean (www.eakoudalanet) daude, eta horrekin batera aurkeztu behar dira NAN fotokopia, erantzukizun-aitorpena (Diru-Laguntzen Lege Orokorreko 13. artikuluan jasotakoaren arabera, eskatzaileak udal diru laguntzak jasotzeko debeku edo ezintasun egoeran ez dagoela adiraziz) eta matrikularen abonuaren edo zerbitzua eskaintzen duen erakundearen ziurtagiriaren fotokopia (eskatzaileak zerbitzua jasotzen duela egiaztatzen duena).
16.810 euroko aurrekontua dauka udalak diru laguntzetarako: 3.000 kiroldegiak (1 motako diru laguntza), 5.450 euro euskara (2 motako diru laguntza), 1.160 euro musika eta bestelako ikastaroak (3 motako diru laguntza) eta 7.200 euro haurreskola (4 motako diru laguntza). Zehaztu dutenez, kasuan kasu, eskaerak aztertuta, deialdian aurreikusitako kopurua gaindituko balitz, eskaeren kopuruaren arabera eta deialdiaren arabera, erabilgarri dagoen kopuruaren diferentzia proportzionalki kalkulatuko da diru laguntza jasotzeko eskubidea duten eskatzaile denen artean.
Erakunde ofizialetan egiten diren euskara ikastaroei dagokienez, diru laguntzaren kopurua %100 izango da. Edozein hizkuntza eskola ofizial, euskaltegi eta barnetegietan matrikulatutakoek jaso ahl dute, eta gutxienez ikastaroen iraupenaren %70eko asistentzia frogatu behar dute edo zinpeko aitorpenagaz idatzi bat aurkeztu behar dute matrikulatuko direla adieraziz. Musika eta bestelako ikasketei dagokienez, autonomia erkidegoko edozein musika eskolatan matrikulatuta dauden eta gutxienez ikastaroen iraupenaren %70eko asistentzia frogatuta edo zinpeko aitorpenagaz idatzi bat aurkezten dutenak izan daitezke onuradunak.
Eako Haurreskolan umea matrikulatzen duten familientzat hilean 80 eurokoa izango da. Eako Haurreskolan matrikularen egiaztagiria edo zinpeko aitorpenagaz idatzi bat aurkeztu behar dute matrikulatuko dela esanez.
Kiroldegien diru laguntza jasotzeko, udalerritik kanpo dagoen kiroldegi bateko matrikulazio egiaztagiria edo matrikulatuko dela adieraziz zinpeko aitorpenagaz idatzi bat aurkeztu behar dute herritarrek.