Arrazakeria azaleratzen
George Floyd hil zuen poliziak AEBetan, eta hilketa horrek arrazakeriaren gaia azaleratu du. Jokabide arrazistak eskualdeotan ere "oso ohikoak" direla salatu dute hainbat elkartek, eta jokabide aldaketak bultzatu dituzte. Gernikatik Mundura elkarteak solasaldi bat antolatu du gaurko Gernika-Lumoko Astran. 18:00etan jarri dute hitzordua.
Maiatzaren 25ean hil zuen poliziak George Floyd afroamerikarra Ameriketako Estatu Batuetan. Hilketa horrek arrazakeriaren kontrako protesta handiak sortu zituen bertan, eta mundu osoan zehar zabaldu ziren gero. Xenofobia, arrazakeria eta polizien jokareak salatzeko mobilizazioak Euskal Herrira ere iritsi ziren, tartean Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdera.
Floyden hilketak arrazakeriaren gaia azaleratu du. Jokabide arrazistak “denok” ditugula adierazi dute Gernikatik Mundura elkarteko, Ideasurreko eta Markina-Xemeingo Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideek. Joera horiei buruz hausnartu eta horiek aldatzeko ahalegina egin behar dela diote beste behin. “Zuriak garen heinean estigmatizatuta dago arrazistak garela esatea, baina egia da denok garela. Izan ere, sistema arrazista eta arrazismo instituzional batean bizi gara, eta horrela gizarteratu eta hezi gaituzte”, adierazi dute Gernikatik Mundura elkartekoek. Egunerokotasunean, “askotan”, herritarrek ez dituztela euren jarrera arrazistak identifikatzen ere aitatu dute.
Ez da urrutiko kontua. Euskal Herrian eta eskualdeotan ere egoera horiek gertatzen direla salatu dute: “Floyden erailketa grabatu dute, eta biral bihurtu da, baina egia da horrelako jarrerak egunerokotasunean eta gugandik gertu ere gertatzen direla”. Grabatu dutelako izan du horrenbesteko oihartzuna, baina iceberg baten punta besterik ez dela diote. “Ez da George Floyden kasua bakarrik, pertsona beltzen bizitzak dira, baita arrazionalizatutako pertsonenak ere. Iceberg punta horrek erakusten duena da egunerokotasunean sortzen eta erreproduzitzen ditugun arrazakeri jardueren ondorioak direla jarrera horiek”, azaldu dute.
Pandemia garaian ere bazterketa horiek egon badaudela diote Gernikatik Mundurakoek: “Ez da egon hilketa publikorik, baina badakigu Espainiako Estatuan hainbat hilketa ematen direla, nahiz eta ez diren akatu modura zenbatzen. Hilketa natural moduan jartzen dira, baina badaude elkarte asko gertaera horiek jarraitzen dituztenak. Ongi Etorri Errefuxiatuakek zein Bizkaiko SOS Arrazakeriak askotan egin du publiko hori. Hori alderdi bat baino ez da, beste hainbat daude egunerokotasunean”.
Horregatik, Gernikatik Mundura elkarteak, herriko beste elkarte batzuekin batera, solasaldi bat antolatu du gaurko Gernika-Lumoko Astran. 18:00etan jarri dute hitzordua, eta 19:30ak bitartean, herritarrek euren jarrera arrazistak identifikatzeko gai diren edo ez aztertuko dute. “Askotan ez gara gai jakiteko zenbat min sortu ditzaketen jarrera jakin batzuek, guk geuk bizi ez ditugulako. Zuri moduan errepasatu beharko genuke gure gorentasuna zelakoa den, eta zer egin dezakegun postu pribilegiatu horretatik”. Espazio zabala sortu gura dute, arrazakeriari buruz ez delako askorik berba egiten, “eta, egitekotan, espazio txikietan egiten delako”.
Errealitateak ikusaraztea bilatu gura dute. Pertsona arrazializatuek zabaldu dute aldarrikapena, baina hausnarketa bilatu nahi dute: “Denok elkarregaz hitz egitea da garrantzitsuena. Bakoitzak jarrera bat hartzea, eta hori gure inguruan zabaltzea. Tabu asko daude, eta horiekin apurtu behar da. Horretarako segurtasun espazioak eraiki behar dira, epaiketak alde batera utzi eta egoerak ulermen eta entzumenetik aztertuta”.
Herritarrei parte hartzeko deia egin diete, eta segurtasun neurri guztiak errespetatuko direla aitatu dute. Gehienez 50 pertsona batu ahal izango dira.
Eskubideen defentsan
Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak eta Ideasurrek etorkin eta errefuxiatuen egoera, bizipen eta sufrimendu horiek azaleratzeko lan egiten dute.
Markinako Ongi Etorri Errefuxiatuen elkartea herriko, Senegalgo eta Nikaraguako herritarrek osatzen dute, eta errefuxiatuak herrian integratzea dute helburu. Arrazakeria jokabide guztiak salatzeko asmoz, kalera atera ziren Floyden hilketaren ostean: “Arrazakeriaren aurkako elkarretaratzea egin genuen, denok berdinak garela, inor ez dela legez kanpokoa eta guztiok eskubide berberak ditugula aldarrikatzeko”. Floyden heriotzagaz giza eskubideak urratu zirela salatu zuten.
Jendea kalera atera zen, eta horrek errefuxiatuak ahaldundu zituela adierazi dute elkartekoek. “Ikusi zuten babesa eman geniela eta elkarrekin gaudela”.
Gernika-Lumoko Ideasur taldeak ere gertatutako gaitzetsi du, eta etorkinak izatearren “askotan” bereiztuak sentitu direla plazaratu du: “Ameriketako Estatu Batuetan gertatu denak egoera horiek azaleratu ditu. Ez da bakarrik han gertatzen”. Etorkinak izateagatik botere postuetan daudenek “arazoak jartzen dizkietela” salatu dute, paperak eskuratzeko orduan, esaterako. “Dena legearen arabera eginda eduki arren eta abokatuek dena ondo dagoela esan arren, botere judizialean arazoak izan ditut. Boterean daudenek ere ez dizkigute gauzak errazten”, salatu du elkarteko kide batek. Ekonomikoki ere baldintzatuta daudela gehitu du. Lana bilatzerakoan, etorkina izateagatik tratu eta kontratu desberdinak jasotzen dituztela dio. “Boterean daudenek ez dituzte etorkinen eskaerak bertoko herritarrenak bezala entzuten”.
Zaintza lanetan jarduten duten emakumeen eta arrazializatuta dauden langileen egoerak azaleratu ditu Ideasurrekoak. Arlo horretan, beste batzuetan legez, bereizketak “nabarmenak” direla dio: “Askok nahiago dituzte zaintzaile zuriak Hego Ameriketakoak baino. Arabiarrak eta beltzak ere txarto ikusita daude”.
Markina-Xemeingo Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartekoek ere oraindik aurreiritziak daudela uste dute: “Askotan uste dugu lana kentzera datozela, pobreak direla edota ez dutela kulturarik. Baina ez da horrela”. Ideasurrekoek berretsi egin dute hori: “Krisi ekonomikoen errua askotan etorkinei leporatzen diete, eta ez botere politikoen gestio txarrari. Estereotipatuta gaude askotan”.
Gizarteratzeko lanean
Halaber, errefuxiatu zein etorkinentzat “zaila” dela herriko kuadrillen parte izatea azaldu dute: “Ez dugu ahalegina egiten beste kultura batzuk ezagutzeko”. Hala ere, egoera hori aldatzen doala deritze. “Hezkuntzak eragina dauka, eta errefuxiatu gazteak gizarteratuago daudela ikusten da. Baina oraindik asko geratzen da egiteko”, azaldu dute Markina-Xemeingoek. Hezkuntza eta kultura aniztasuna bultzatzeko bide eraginkorrak direla uste dute, “bizikidetza sustatzen dutelako”.
Hainbat eta hainbat herritarrek errefuxiatu eta etorkinek sufritzen dituzten egoera baztertzaileak plazaratu dituztela diote Ideasurrekoek. Kalera atera dira horiek salatzera: “Sentsibilitate asko sortu da, baina botere politikoak agintzen du oraindik”. Hala, hezkuntzan ere eragin behar dela uste dute. “Gazteek ere jakin egin behar dute zer gertatzen eta zer sufritzen dugun. Horren aurrean zerbait egitea aukera pertsonala da, baina, behintzat, errealitatea ezagutuko dute. Izan ere, pobrezia eta kolorea batzen direnean ematen diren bidegabekeriak oso handiak dira”.
Politiko askok “kezka agertzen” dutela diote, baina ez dituztela neurriak hartzen salatu dute: “Zaintza lanetan jarduten dugun etorkinen eskubideak arautzeko eta langabezia kobratzea eskatu dugu askotan, baina oraindik ez dute ezer egin”.
Gertatzen dena salatzeko eta eskubideen defentsa egiteko unea dela uste dute: “Gertatzen dena jakin behar dugu, gero aktibatu ahal izateko; Ameriketako Estatu Batuetan egin bezala. Kalera atera dira, eta beltzen eskubideen alde egin dute”.