Zazpi bermeotarren omenez
Kankinkabara Txistu Taldeak kontzertu berezia prestatu du, eta modu telematikoan ari dira eskaintzen; XVI. mendeko musika dakarte 11 kantutan.
Juan Sebastian Elkanogaz batera munduari bira eman zioten zazpi bermeotarrak omentzeko kontzertua prestatu du Bermeoko Kankinkabara Txistu Taldeak. Kontzertua zuzenean ematea zen asmoa ikasturte amaiera guztietan egin ohi duten bezala, hala ere, egungo egoera kontuan hartuta, modu telematikoan eskaintzea erabaki dute.
Zazpi bermiotarrak primus circundedesti me (1519-1522) kontzertua Youtuben ikus daiteke. Bermeoko Musika Eskolak Youtube plataforman daukan kanala erabiltzen ari da Kankinkabara Txistu Taldea. Bermeoko Udala, bestalde, sare sozialen bidez ere elkarbanatzen ari da.
Hasierako asmoa zen kontzertu osoa jartzea; hala ere, ondoren, «luzeegia» dela iritzita, lau zatitan banatzea erabaki dute. Hortaz, 10 minutuko lau saio egongo dira Youtuben. Barikuan (ekainak 19) eskegi zuten lehenengoa; bigarrena atzo sartu zuten; Bihar, San Joan egunean jarriko dute hirugarren saioa, eta laugarrena, berriz, barikuan (ekainak 26).
Gainera, jakinarazi dutenez, gaur San Joan bezpera izanik, San Joan sua piztu aurretik jotzen dituzten bi kantuak ere igoko dituzte.
Gonbidatuak. Zazpi bermeotarrak 1519ko irailaren 20an abiatu ziren Sanlucar de Barramedatik (Sevilla, Espainia). Hala, XVI. mendean entzuten zen euskal musika joko dute. Gainera, gonbidatu bereziak ere badaude kontzertu berezi horretan. Alkartasuna Dantza Taldea, Ttakuntxo txalaparta taldea, Juan Ramon Duque, Marikarmen Rubio, Antero eta Musika Eskolako irakasle Yurena Nuño eta Esteban Valcarcel egongo dira Kankinkabarako txistulariekin batera. «Modu horretara, ez dira bakarrik txistua eta akordeoia entzungo», esan du Kankinkabara Txistu Taldeko zuzendari Iban Ibarretxek.
Gonbidatu guztiei eskerrak eman gura dizkiete, batez ere, Alkartasuna Dantza Taldekoei, «beti prest» daudelako: «Bakoitzak bere etxetik egin du dantzan gure kontzertuaren parte izateko».
Taldeko kide Asier Ormazaren ideia izan zela dio Ibarretxek. «Iaz, munduari bira eman zioteneko 500. urteurrena ospatu zuten, eta hortik dator ideia».
Zailena XVI. mendeko musika aukeratzea eta prestatzea izan dela dio Ibarretxek, «ez dagoelako aukera askorik». Aukeratutako abestiei, gainera, konponketak egin behar izan dizkiete, baina «oso polito» geratu dela na-
barmendu du. 11 kantuk osatzen dute errepertorioa: «Garai hartako arrantzaleek entzuten zuten musika imajinatuko dugu».
Konfinamendua kontzertua prestatzen igaro dute, «lan eta lan». Denek ikusi zuten ondo kontzertua modu telematikoan egiteko aukera. Zuzeneko kontzertua bertan behera geratzeak pena ematen badu ere, «esperientzia berria eta polita» dela diote: «Ez nuen pentsatzen horren ondo aterako zenik. Zaila da bakoitzak bere etxean grabatu, eta ondoren denak batzea. Nahikoa zaila da. Erreferentzia bat ematen dut, audio bat, eta horregaz denok batera joan beharra daukagu, denok erritmo bera eroateko». Internetek abantailak ere eskaintzen dituela dio Ibarretxek, «akatsak zuzentzeko aukera ematen baitu, eta hortaz, ez dira nabaritzen».
Kontzertua orain telematikoki eskainiko duten arren, aurrerago, posible denean, zuzenean eskaintzea gustatuko litzaieke. «Ikasita daukagu, eta ondo egongo litzateke».
Kankinkabara Txistu Taldeak aurten dakarren kontzertua «erabat desberdina» da, eta herritarrak gonbidatu dituzte ikustera: «40 minutukoa bada ere, zatika zabaltzen ari garenez, edozein momentutan edonork badauka 10 minutu saioren bat ikusteko».
Ibarretxek gogorarazi duenez, «globalizazioaren lehenengo pausoa» izan zen, eta zazpi bermeotar egon ziren horretan. «Ez zen Bermeoko edo Euskal Herriko musika bakarrik entzuten, beste lekuetako musika ere entzuten zen. Melodiak, hortaz, desberdinak dira, ez dira batere ezagunak. Horietako batzuk, hala eta guztiz ere, gurera bihurtu ditugu».
Lau hildako. Bermeo izan zen Magallanes-Elkano espediziorako partaide gehien eman zuen Euskal Herriko herria, zazpi, hain zuzen ere. Gehienak itsasgizonak ziren, baina arotz bat eta istinkari edo bikeztatzaile bat ere bazeuden. Horietatik sei Concepcion itsasontzian ontziratu ziren, Juan Sebastian Elkano kapitainaren aginduetara. Lau hil egin ziren (Anton Basozabal, Juan Agirre, Martin Insaurraga eta Pedro Mugertegi), beste bat San Antonio itsasontzian itzuli zen (Pedro Sautua), eta gainerako biek –Juan Akurio kontramaisuak eta Pedro Txindarza morroi edo txoak– munduari bira eman zioten.