Nogaye Lok beste urte batez Lointek Gernika Bizkaiaren elastikoa defendatzen jarraituko du. 2020-2021 denboraldian bere hobekuntzarekin jarraituko du.
Jokalariaren arabera, kontratu luzapen hau bere ibilbide profesionalean Emakumezkoen Endesa ligan jokalari moduan egonkortzeko aurrerapauso bat da: “Eta non hobeto Gernikan baino. Iazko denboraldian oso eroso egon nintzen taldean eta sasoi ahaztezin bat osatu genuen, nire bizitzako onenetarikoa, bai pertsonalki zein talde moduan eta oso zaila izango da emaitza horiek errepikatzea”. Aurreko denboraldiko lorpenak berdintzea lortu nahi du, “zaleen gozamenerako batik bat”.
Beste behin, Mallorkako pibota Lointek Gernika Bizkaiaren “jokamoldearen giltzarrietako bat” izatea da klubaren arduradunen nahia. 24 urteko pibotak, aurreko denboraldian kantxan egondako bataz besteko 17 minutu eta 35 segundoetan, bataz beste 7,1 puntu eta 3,6 errebote lortu zituen ligan. EuroCupen, aldiz, bere estatistikak hobetu zituen, 8,5 puntu eta 3,7 errebotetaraino helduz. “Malosteko uztaiak ondo babestuta jarraituko dute, Emakumezkoen Endesa Ligako pibot defenditzaile onenetariko batengatik”, zehaztu dute klubaren ordezkariek. Taula azpiko gunea bere gotorlekua bilakatu duela azpimarratu dute: “Gainera, erasoan garapen handia izan du bere jaurtiketetan, batez ere, gero eta konfiantza gehiago lortuz. Horrela, urrutiko lerrora arte zabaldu du bere mehatxua, hirukoetan %45,5eko bataz bestekoak lortuz”.
Berriztapen honekin Lointek Gernika Bizkaiak, iazko emaitza onak ikusita, “talde gazte bat osatzeko zutabeak egonkortzen” jarraitzen duela nabarmendu dute: “Itziar Ariztimuño lehenengo, Marta Alberdi ondoren, Roso Buchen fitxaketa, Belen Arrojoren jarraipenarekin eta Nogaye Loren berritzearekin talde gernikarrak bloke nazional sendoa osatzen du”.