Nekane Murga: "Heldutasunez jokatu du euskal gizarteak"
Alarma egoera bertan behera geratu ostean, normaltasun berriko lehen asteleheneko datuak eman ditu Nekane Murga Osasun sailburuak, gaur. “Normaltasun berriko gure lehen pausoetan, euskal gizarteak erakutsi duen heldutasuna nabarmendu gura dut. Pozik egon gaitezke, orokorrean, herritarren portaera prudentzian eta zuhurtzian oinarritu delako”.
Salbuespenak beti dauden arren, gehiengoak “erronka kolektibo baten aurrean gaudela eta bere erantzukizuna inork ezin duela baztertu” barneratu duela uste du sailburuak: “Izan ere, egiten dugunak eta egiteari uzten diogunak gure osasunean eta ingurukoenean ondorioak edukiko ditu. COVID denon arazoa dela barneratu du euskal gizarteak, guztion erronka eta ardura dela barneratu du. Orain ez dezagun ahaztu”.
Udaz gozatzea denen eskubidea bada ere, “erlaxatu barik”, prebentzio neurriak hartzen jarraitzearen beharra gogoratu du, batez ere jai, ospakizun eta antzekoetan jendea batzen denetan: “Distantzia mantentzea, maskarillak erabiltzea eta eskuak sarri garbitzea da gaur gaurkoz txerto bakarra. Instituzioetatik ematen diren gomendioak ez dira kapritxoa. Arriskua badago”.
Gaurko datuak. PCR bidez zortzi positibo baieztatu zituzten atzo, lau Gipuzkoan, hiru Bizkaian eta bat Araban, eta hildako bat egon zen. Atzo 3.329 proba egin zituzten (2.899 PCR eta 430 serologikoak edo test azkarrak). Gaur gaurkoz, 10 pertsona daude ZIUetan ingresatuta.
“Zortzi kasu horietatik, bostek harremana daukate aurreko egunetan atzemandako positibo batzuekin, eta isolatuta egon dira”, azaldu du Murgak. Azken aste eta egunotako fokuak “kontrolpean” dituztela eta “aldaketarik ez dagoela” esan du.
Azkenaldian positibo ematen ari direnen batez besteko adina “jaisten” doala baieztatu du, eta esaterako, atzoko bi positibo adin txikikoak direla zehaztu du: “Azkenaldiko positiboetako batzuk gazteak eta umeak diraUrtebete baino gutxiago duten adingabeak identifikatzen ari gara, eta horrek atentzioa eman digu. Umeek, oro har, ez dute gaixotasunaren sintoma larririk izaten, baina kasuak egon daitezke. Beraz, gure haurrak babestu behar ditugu”.