'Memoria elkarrizketa' saioak egingo dituzte hirugarrenez Gernika-Lumon
Onlineko bi memoria elkarrizketa egin dituzte, eta saio presentziala egingo dute Markinaldeko Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kideekin; etzi 19:00etan jarri dute hitzordua Harizpen.
IPES elkarteak “Memoria elkarrizketa” saioak egingo ditu hirugarren urtez Gernika-Lumon. Ikuspegi eta erpin ezberdinetatik herri-memoria landuko dute beste behin. Eta aurten, udalerrian egongo dira Markinaldeko Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kideak; etzi 19:00etan jarri dute hitzordua Harizpen.
Gernikako bonbardaketaren urteurreneko ekitaldia izan behar zen Ahaztuen Oroimena taldeagaz burutu beharrekoa, baina bertan behera utzi behar izan zuten koronabirusaren eraginez. Etzi, baina, berreskuratu egingo dute. “Euren elkartearen ibilbideaz ariko dira Markinaldekoak. Zelan sortu ziren, zertarako eta zein proiektutan dabiltzan azalduko dute”, jakinarazi dute IPES elkarteko kideek.
Markina-Xemein, Etxebarri eta Ziortza-Bolibar aintzat hartzen dituen elkarteak lan emari “handia” egin duela diote IPESekoek, “bertoko testigantza asko jaso dituztelako, lubakietako istorioak argitaratu dituztelako eta desilobiratze batzuetan ere parte hartu dutelako”. Informazioa eta ezagutza sustatu dute, eta azken garaian, Herioen Araneko familiekin lanean aritu dira, bertan dauden gorpuzkinen berreskuratzeko: “Lea-Artibaiko herritarren gorpuzkinak daude bertan, orain gutxi ezagutu direnak. Eta horretan familiei laguntzen dabiltza”. Elkarrengatik ikasteko espazioak sortzea bilatu dute antolatzaileek ekimenagaz, “hori baita memoria elkarrizketen funtsa”.
Aurten, COVID-19ak eraginda egoera berezia da, eta bestelako planteamendua egin dute. Onlineko bi memoria elkarrizketa egin dituzte, eta etzi egingo duten saio presentziala. Ibai alzaga Mungiako Haizetara elkarteko kidea tea Lander Garcia Gasteizko Martxoak 3 elkarteko kideei elkarrizketa telematikoak egin dizkiete, eta dagoenerako ikusgai daude IPES elkartearen webgunean.
Lauaxetari omen. Ekainaren 25a baliatzen dute memoria lantzeko saioak egiteko. Estepan Urkiaga Lauaxetaren figura gernikara hurbildu gura izaten dute, eta hura hil zuten urteurrena baliatzen dute horretarako: “Lauaxetak kazetari suizar bat hurbildu zuen herrira, bonbardaketaren berri emateko. Bonbardaketa bi egunetara atxilotu zuten, eta Gasteizeko hilerrian hil zuten ekainaren 25ean”. Lauaxetaren jardun ezberdinetan sakontzen dute azken urteetan; bere kazetaritza lanean, hizkuntzan, politikan, gerran edota literaturan besteak beste.
Lauaxeta Laukiz eta Mungiarra izanik, Haizetara elkarteko kideak Lauaxetaren eragina aztertu du herrian: “Elkartearen dinamika eta belaunaldi berriei begirako oroimen transmisioaz aritu da elkarrizketan”. Ordutik gaur arte zelako eboluzioa eta eragina izan duen aztertu dute.
Garciagaz, bestalde, Lauaxeta fusilatua izan zeneko Gasteizko testuingurua jorratu dute gehienbat: “Orduko Gasteizko testuinguruan kokatu digu, errepresioaren erradiografia integrala egin du, eta gaur arteko memoria hariari tiratu dio, gogoeta bultzatuz”.