Etxebizitza programetara beste 66 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak
2020an etxebizitzak birgaitzeko eta gizarte-alokairurako laguntza programak finantzatzeko 66.100.000 euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak.
66 milioi euroko inbertsioa eginez, etxebizitza arloko 4 programa martxan jarriko ditu Jaurlaritzak.
Gaztelagun programagaz, gazteentzako laguntzak bideratu gura dituzte, merkatu librean etxebizitzaren alokairua ordaintzeko. 19,3 milioi euro bideratuko dituzte horretarako.
Errentamendu Babesturako Laguntza Programak 12 milioi euroko aurrekontua edukiko du. Sustapen berriko operazioak bultzatzeko, sustatzaile publikoek eta pribatuek arrazoizko alokairuaren bidez etxebizitzak sustatzeko (erosi ondoren etxebizitza zaharrak birgaituz) eta zuzkidura-bizitokiak sustatzeko programa da.
Egoitza-eraikinen eta etxebizitzen birgaitzea sustatzeko programa ere onartu dute, egiturako, irisgarritasuneko eta efizientzia energetikoko hobekuntzetarako. Egiturazko eraberritzeak (estalkiak eta fatxadak), irisgarritasuna (igogailuak instalatzea…) eta energia-efizientzia egikaritzeko bizitegi-eraikinak eta etxebizitzak birgaitzea sustatzeko, 20,4 milioi euro esleituko dituzte diru laguntzetan. Horietatik 6,4 milioi euro aurtengo ekitaldian ordainduko dituzte eta 14 milioi euro 2021ean. “Dirulaguntza horiei esker, inbertsio pribatuen bidez 400 milioi euro baino gehiago mugituko direla aurreikusi dugu”, azaldu du Josu Erkoreka bozeramaileak.
Kredituak Ordaintzeko Laguntza Programa, sustatzaile publikoei eta pribatuei, jabeen erkidegoei eta etxeei, eta erabilera lagatzeko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei finantza-erakundeek emango dizkieten kredituen interes-puntuak diruz laguntzeko da, eta 14,1 milioi euro esleituko dituzte. “Era horretan, 2020 Finantza Hitzarmenaren eta 2020-2023 birgaitzeko finantza-tresna bereziaren bitartez, alokairu babestuko etxebizitzak eta hauen birgaitzea (aurretiazko egitura-birgaitze bidez etxebizitza hutsaren mobilizazioa eta eskuragarritasuna) sustatzeko”.