Hondartza denboraldiaren lehen asteburuan jendeak erakutsitako erantzukizuna azpimarratu du Ibarrangeluko alkateak

Aurtengo hondartza denboraldiaren lehen asteburua igarota, balorazio oso positiboa egin du Ibarrangeluko Udalak. Tenperatura beroakaz, eta eguzkiak lagunduta, uda bete-beteko eguraldia egin du. Jende asko hurreratu da Laida eta Laga hondartzetara, baina ez da arazorik sortu, eta erabiltzaileek erantzukizunez eta errespetuz jokatu dutela azpimarratu dute udal arduradunek.
Udaleko langileak ez ezik, alkatea eta zinegotziak ere asteburuan hondartzetan egon dira egoera bertatik bertara zein zen ikusteko. Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak esan duenez, “gauzak ondo egiten” ari direlako eta jendeak “jarrera eredugarria” erakutsi duelako pozik eta harro daude: “Oso pozik gaude, jendeak itzel erantzun du. Gure erantzukizuna dena egiten ari gara, eta jendeak ere erantzukizunez jokatu du. Oso harro gaude. Eskatzen zaiona egiten ari da jendea. Aurreikusten genuen balizkorik onena gertatu da, hondartza solidarioaren kontzeptua goitik behera bete da asteburuan. Etorri diren gehienek kasu egin dute, eta eskerrak ematen dizkiegu euren portaeragatik”. Hondartza solidarioen aldeko apustua egin du Ibarrangeluk aurten, eta kontigentzia plana egin du udalak. Besteak beste, planean egoera guztiak aintzat hartu dituzte, eta behar izanez gero, hondartza dinamikoak ezarriko dituzte edo hondartzak hustuaraziko dituzte. Hala ere, horretara ez ailegatu behar izatea da udal agintarien asmoa, eta beraz, orain arte moduan, jendeak errespetuz, zentzuz eta erantzukizunez jokatzea.

Argazkia: Ibarrangeluko Udala.
Asteburuan jende asko batu da Laga eta Laida hondartzetan. Zapatuan eguerdian eta 18:00ak aldera egon zen jende gehien, eta esaterako, atzo 14:15ean anbar koloreko bandera jarri behar izan zuten Laga hondartzan, baina ez zuten inolako neurririk hartu behar izan.
Bozgorailuetatik ohartarazi zuten hondartza betetzear zegoela, eta “errotazioa bermatzeko” denbora gehien zeramatenei hondartza uzteko eskatu zieten. “Ahalik eta jende gehienak hondartzaz gozatu dezan, hiru orduz egotearen gomendioa gogoratu zuten, eta jendea irtetzen hasi zen. Bozgorailuetatik entzun eta berehala erabiltzaile asko altxatu ziren beste batzuei lekua uzteko”.
Bestalde, informazioan eta komunikazioan hobekuntzak egin beharra aitatu du Ibarrangeluko alkateak, “erabiltzaile batzuegan nahasmena” igarri dutelako: “Sorosleak, hondartzainak eta udaleko langileak lan itzela egiten ari dira, baina batzuek ez daukate informazioa oso argi eta hobetzea espero dugu”.
Momentuz, osasun agintarien gomendioak jarraituz, dutxak eta iturriak ez daude erabilgarri.