7.000 bonu kaleratuko dituzte Bermeoko establezimenduetan gastatzeko
Nik, BermeON kanpainaren baitako ekimena da; Bermeoko Udalak 67.500 euro bideratuko ditu bonuen kanpainara. Herriko 101 establezimenduk parte hartzen dute kanpainan.
Bermeoko Udalak 7.000 bonu kaleratuko ditu herriko establezimenduetan gastatzeko. Helburua herriko merkatari, ostalari eta turismo enpresak laguntzea da, bai eta COVID-19ak herrian izan duen inpaktua txikitzea ere. Jakinarazi dutenez, udalak 67.500 euro bideratuko ditu bonuen kanpainara.

Bermeoko alkate Aritz Abaroa eta Turismo eta Merkataritza zinegotzi Kepa Zumetak eman dute prentsaurrekoa, Berton, Bostale eta Berazel elkarteetako eta Bermeo Tuna World Capitaleko ordezkariekin batera
Gaur goizean egin dute Bermeoko ekonomia berraktibatzeko helburu duen Nik, BermeON kanpainaren baitako ekimen berriaren aurkezpena. Berritasun ugari dauzka gaur aurkeztu duten bonuen kanpainak. Hala, azaldu dutenez, 7.000 bonuak ez dira batera salgai jarriko. Hilabete bakoitzean, 1.000 bonu kaleratuko dituzte, lehenengoan, hala ere, 2.000 jarriko dituzte. Urte osora zabaldu gura duten ekimena dela esan dute, herritarrak urte osoan kontsumitzera bultzatzeko. Hilabete bakoitzean erosten diren bonuak, hilabete horretan erabili beharko dira, ekainekoak izan ezik; ekainekoak, uztailaren amaierara arte erabil daitezke. Hileko, gehienez, 4 bonu erosteko aukera egongo da.
Herritarrek hiru bonu mota aurkituko dituzte: 4 eurokoa (6 euro gastatzeko), 10 eurokoa (15 euro gastatzeko) eta 20 eurokoa (30 euro gastatzeko). Hori bai, erosketa bakoitzean, gehienez, bi bonu erabili ahalko dira. Jakinarazi dutenez, bonu guztiek ez dute balioko parte hartu duten establezimendu guztietan. Merkataritza eta turismoko enpresetan 15 eta 30 euroko balioa duten bonuak erabili ahalko dira, eta ostalaritza establezimenduetan, berriz, denak.
Mota guztietako 101 establezimendu ari dira parte hartzen. Bermeoko Udalaren webgunean (www.bermeo.eus) ikus daiteke parte hartzaileen zerrenda. Parte hartzen duten establezimenduek bestela, kanpainaren bereizgarria jarrita daukate jada. Kanpainara gehitu gura diren establezimenduentzat izena emateko beste epe bat zabalduko du Bermeoko Udalak abuztuaren 3tik 17ra. Bonuak Kutxabankeko orotariko kutxazainetan eros daitezke.
Bermeoko aipatu bonu kanpaina Bizkaiko Foru Aldundiak edo Eusko Jaurlaritzak helburu berarekin egiten duten edozein kanpainarekin bateragarria izango dela jakinarazi dute. Erosketa berean, hortaz, beste erakundeetako bonuak ere erabili ahalko dira.
Bermeoko alkate Aritz Abaroaren esanetan, bonuak salduta bakarrik, kanpainak 124.000 euroko inpaktua izango du herrian; hala ere, aurreko kanpainen erantzuna kontuan izanik, “200.000 euroko eragina izatea” aurreikusten dute.
Kanpora joateko beharra eduki barik, herrian “produkturik onenak erosteko eta beharrizan guztiak asebetetzeko aukerak daudela” gogorarazi gura izan dute kanpainaren sustatzaileek eta Bermeoko Udalak.