Dolmenen ibilbidea egingo du Sollube 707 Mendizale Taldeak
Ekainaren 28an (domekan) egingo dute irteera. Izena eman behar da aldez aurretik.
Behartutako geldialdiaren ostean, “gogotsu” daude Sollube 707 Mendizale Taldeko kideak. Dolmenen ibilbidea egingo dute ekainaren 28an (domeka); 07:30ean jarri dute hitzordua, udal azokako autobus geltokian.
Elgoibarren hasten da ibilbidea eta Bergaran amaitu; Karakate mendian du abiapuntua, hain zuzen. Azaldu dutenez, dolmenen ibilbidea 11 kilometro ingurukoa bada ere, guztira, 20 kilometro inguru egingo dituzte; lehenik eta behin Karakate igo behar dutelako, eta ondoren, Gorlatik Bergarara jaitsi.
11 kilometroko ibilbide horretan, 12 trikuharri, 6 tumulo eta menhir 1 bat daude, Neolitiko eta Brontzearen mendekoak. Jose Migel Barandiaranek aurkitu zituen, telesforo de Aranzadi eta Enrike Egurenegaz batera, 1921. urtean.
Irteera horretara joan gura dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute 619 75 31 98 (Sabin) telefono zenbakira deituta. Azaldu dutenez, dagoeneko 36 lagunek eman dute baiezkoa. Autobusez joango direnez, derrigorrezkoa da maskara eroatea. Ikuspegi “polita” duen ibilbidea dela diote antolatzaileek, “alde batera itsasoa ikus daitekeelako eta bestera, berriz, mendikateak”.
Gainera, Euskaraldiarekin bat egingo dute. Pankarta bat egin dute eta talde argazkiak aterako dituzte Euskaraldiaren pankartarekin.