Belen Arrojok ere Gernikan jarraituko du
Granadarrak talde gernikarrean bigarren denboraldia betetzeko akordioa lortu du klubagaz.
Andaluziarraren kontratu berritzea jakinarazi du klubak gaur. Bigarren denboraldia beteko du Lointek Gernika Bizkaian. Haren adorea, izaera eta kalitatea azpimarratu dituzte taldearen ordezkariek: “Horiek dira bere lehen urtean marea granatea konkistatzeko erabili dituen osagaiak”.
25 urtegaz talde gernikarreko pieza garrantzitsuenetako batean bilakatu zen aurreko denboraldian. Partiduko batez beste 21 minutu eta 46 segundo jokatu zituen, “kantxan hainbat gauza egiteko” daukan ahalmenarengatik. Zehaztu dutenez, errotazioko seigarren jokalari bihurtu zen eta horri esker batez beste 6,6 puntu eta 4,8 errebote eskuratu zituen 10,4 puntuko baloraziorako. EuroCup Womenen bere estatistikak hobetu zituen 8,1 puntu eta 5,1 erreboteetara heldu arte.
Granadako jokalariarentzat kontratu berritze hau hobetzeko aukera ezinhobea da: “Non hobeto Lointek Gernika Bizkaian baino. Iazko udan klubaren eskaintza onartu nuenean, banekien helburu handietako klub batera nindoala. Aurreko denboraldiko emaitzak hobetzea oso zaila izango da denboraldi zoragarria izan baitzen, baina ez dago ezinezkorik”. Hegalekoak aitortu du denboraldi amaiera gazigozoa izan zela. Emakumezkoen Liga urtetik urtera “lehiakorragoa” denez, oso gogor lan egin beharko dutela nabarmendu du.
Berritze honekin, Itziar Ariztimuño antolatzailearekin, harrobiko Marta Alberdi eskoltaren igoerarekin eta Roso Buchen fitxaketarekin Lointek Gernika Bizkaiak “anbizio handiko kanpoko lerro gazte bat osatu” duela adierazi dute klubaren arduradunek: “Etorkizunerako apustu indartsua egi dugu egunero hobeak izan nahi duten jokalariekin”.