Aldundiaren jokaerak ez du SOS Gaztelugatxe asebete
Aldundiaren proiektuak "arazo asko zituen lege aldetik", eta hori guztia argitu beharra daukatela diote.
Atzo jakinarazi zuen Bizkaiko Foru Aldundiak behin betiko erabaki duela Urizarreta aldean aurreikusitako aparkaleku berria ez eraikitzea. Erabaki horren aurrean Sos Gaztelugatxe plataforma “pozik” agertu da, baina era berean, aldundiaren jokaerak ez du plataforma “asebete”. Diotenez, aldundiak pandemia erabili du arrazoitzat, eta horien ustez ezin daiteke hori arrazoia izan.
Aldundiaren proiektuak “arazo asko zituen lege aldetik”, eta hori guztia argitu beharra daukatela diote. “Ingurumen inpaktuaren azterketa ez zuten egin gura eta egin barik jarraitzen du. Bestalde, aparkalekua Bermeo-Bakio errepidea eraikitzeko lanen partetzat hartzeak ez du oinarri legalik. Ezinezkoa da jarduera turistikoa eta errepidegintza lotzea, eta hori egin dute”.
Aparkalekuaren proiektuaren aurka egindako 1.000 alegazioek, gainera, ez dutela erantzunik izan gogorarazi dute, epea martxoaren 10a bazen ere. “Espainiako errepide legeari heldu diote, sei hilabete luzatzeko; beste tranpa bat”. Unai Rementeria ahaldun nagusiari gogorarazi gura diote, proiektu horren aurkako 100.000 sinaduratik gora batu dituztela: “Zenbaki esanguratsua”.
Bizkaiko Foru Aldundiari, bestalde, Baliabide Naturalak ordenatzeko plan bat falta zaiola deritzote. Azaldu dute, gainera, joan den astean prentsan ikusi zutela Game of Thrones Gaztelugatxen berriro grabatzeko “mehatxua”: “Badakigu horrek zer ekarri digun, eta aldundiari eta gainerako erakundeei ezetza ematea exijitu behar dugu”.
“Etorkizunean halakorik gerta ez dadin”, Gaztelugatxeko San Juan babesteko patronatua sortzea eskatu dute, “erakunde eta profesional ezberdinek parte hartzeko, eta benetan, Gaztelugatxe eta inguruak kudeatu eta zaintzeko”.