Martitzenetako azokak Goiko Plazara bueltatuko dira
Akordio batera iritsi dira Bermeoko Udala eta azokako saltzaileak. Indarrean dauden segurtasun eta osasun neurri guztiak behar bezala bermatu beharko dira, bai saltzaileen eskutik, bai eta erosleen eskutik ere.
Bermeoko Udala eta azokako postuetako saltzaileak akordio batera iritsi ostean, jardueragaz martxan hasiko dira berriro, eta martitzenetako azoka Goiko Plazara bueltatuko da bihar. Hori bai, udaletik jakinarazi dutenez, indarrean dauden segurtasun eta osasun neurri guztiak behar bezala bermatu beharko dira, bai saltzaileen eskutik, bai eta erosleen eskutik ere.
Alde biek adostutako akordioan, honakoak jasotzen dira:
- Azoka txikiko saltzaileen jarduera behar bezala betetzeko, salmenta postu guztiak bi bloketan banatzea erabaki da. Honela, aste biko epean denek lan egiteko aukera izango dute.
- Postu guztiek sartzeko, neurriak murriztuko dira: 5 metroko postuek 4 metro izango dituzte, eta 8 metrokoek 6 metro.
- Postuen arteko distantziari dagokionez, 6 metroko pasabidea bermatu beharko da, eta aldeen artean, berriz, 4 metrokoa.
- Postu barruan, saltzaileek, gutxienez, bi metroko aldea gorde beharko dute. Gainera, saltzaileek erabili eta botatzeko eskularruak jarri beharko dituzte bezeroen eskura.