Espainiako Gobernuak ekainaren 21ean irekiko ditu Europarekin mugak
Ekainaren 21etik aurrera muga-kontrolak kenduko dituzte Schengen eremuko herrialdeetan, eta Espainian ez dela derrigorrezko bi asteko berrogeialdia egin beharko jakinarazi dute.
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak atzo autonomia erkidegoetako presidenteei aurreratu zienez, Espainiako Gobernuak ekainaren 21ean irekiko ditu Schengen eremuko herrialdeekin mugak, Portugalegaz izan ezik, uztailaren 1ean irekitzea eskatu baitu. Uztailaren 1etitik aurrera, gainera, Schengenetik kanpoko herrialde guztiekin zabalduko dituzte mugak.
Hauek dira eremu hori osatzen duten herrialdeak: Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Hungaria, Islandia, Italia, Letonia, Liechtenstein, Lituania, Luxemburg, Malta, Norvegia, Herbehereak, Polonia, Portugal, Suedia, Suitza eta Txekiar Errepublika.
Sanchezek esan zuenez pandemiaren eboluzio ona ikusita hartu dute erabakia. Beraz, ekainaren 21etik aurrera, Europako estatukideek muga-kontrolak kenduko dituzte eta ez da derrigorrezko bi asteko berrogeialdia egin beharko; bertan behera geratuko da kanpotik zetozenek derrigor egin behar duten berrogeialdia. Hala, Euskal Herritarrek lanerako ez den beste zeregin batzuetarako zeharkatu ahal izango dute Iparraldera edo Hegoaldera joateko muga.
Espainiako Gobernuko presidenteak erkidegoetako presidenteei esan zien Europako Batzordeak “zerrenda bateratu bat egiteko zain” daudela, “Europako kontinenterako bidean beste herrialdeei ezarriko zaizkien murrizketei buruz”. Sanchezek gai hori “kritikoa” dela onartu zuen, epidemiak Europan izan duen bilakaera “ondo” doalako, baina munduko beste herrialdeetan “oso gaizki”, AEBetan esaterako.
Osasun krisia hasi zenetik autonomia erkidegoetako presidenteekin batu da Sanchez, eta atzokoa hamalaugarren bideokonferentzia izan zen. Ohikoak izan dira arlarma egoera ezarri zenetik, eta atzokoaz geroztik ez dira gehiago batuko, hirugarren fasea amaitzean bukatuko delako. Espainiako Gobernuko presidenteak, hala ere, adierazi zuen uztailaren amaieran beste bat egin nahi duela, aurrez aurrekoa. Bitartean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira.
Suspertze ekonomikoa. Iñigo Urkullu Lehendakariak EAEko ekonomiaren aurreikuspenak azaldu zizkien gainontzeko presidenteei, erkidegoetako presidenteen azken bileran. Bertan, Barne Produktu Gordinaren % 8,7ko beherakada eta lanaldi osoko 68.000 lanpostu galtzeaz hitz egin zuen. Testuinguru horretan, Lehendakariak adierazi zuen gizarte-politiken bermea zaintzea (osasuna, hezkuntza eta gizarte-babesa) eta egoera ahulenean dauden pertsonei laguntzea direla Jaurlaritzaren lehentasunak: “Enplegua da gizarte-politikarik onena, eta galdutako enplegu guztia berreskuratzeko beharrezkoa da herri baten oinarri ekonomikoa suspertzea”.
Sanchezen Gobernuak abian jarritako Berreraikuntzarako Batzordeari dagokionez, Lehendakariak gogorarazi zuen industria, ikerketa eta zientzia, inbertsio produktiboaren aldeko apustua eta enpresa-sarearen nazioartekotzeari laguntzea direla berreraikuntzarako gakoak. “Euskadin prest gaude susperraldiaren oinarriak finkatuko dituen estrategia bat garatzeko”.