Busturiko Udalak sei langabe kontratatuko ditu, lau hilabeterako
Aurreko urteetan, lau langabe kontratatzen zituzten sei hilabeterako. Uztailean hasiko dira lanean.
Enplegu planaren baitan, Busturiko Udalak sei langabe kontratatuko ditu, lau hilabeterako; uztailean hasi eta urrira arte. Beste urte batzuetan, lau lagun kontratatzen zituzten, sei hilabeterako.
Aurten, baina, koronabirusak egoera aldaketa ekarri duela esan du Busturiko alkate Aitor Aretxagak: “Apiriletik urrira arteko lana egin ohi izan dute orain arte. Aurten, hala ere, lau langile uztailean sartzen baldin badira eta urtarrilera arteko lana ematen badiegu, azken hilabeteak lan gutxigaz ibiliko lirateke; neguan lan gutxiago egoten delako”.
Aurten, orain arte dena geldik egon dela gogorarazi du alkateak. Ekainaren 1ean udala martxan hasi denean, langile horiek kontratatzeko prozesu berria abiarazi dutela dio, bestea bertan behera utzita: “Agian, orain, koronabirusaren egoeragatik langabe gehiago egon daitezke udalerrian. Gainera, udaletik langile bi gehiago kontratatzeko erabakia hartu dugu, lau hilabeterako”. Langile horiek mantenu lanak egingo dituzte herrian.