Kulturaren sektorea berrindartzeko Aurrera Fest ekimena jarri du martxan Aldundiak
Euskalduna Musika Jauregian zuzeneko emanaldiak bultzatuko dituzte, eta horietan parte har dezakete kultur talde zein konpainiek. Proposaenak aurkezteko epea zabalik dago.
Zuzeneko kultur jarduera sustatzeko Aurrera Fest ekimena jarriko du martxan Bizkaiko Foru Aldundiak. Euskalduna Musika Jauregian zuzeneko emanaldiak bultzatuko dituzte, eta horietan parte har dezakete kultur talde zein konpainiek. Proposamenak aurkezteko epea zabalik dago.
Euskaldunako oihala berriro altxatuko da, argiak itzalita 12 aste eman eta gero, zuzeneko kultur jarduerari berriro ekiteko. Uda hastear dagoenean, aretoek euren erritmoa, euren funtsa, berreskuratuko dute. Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroletako Foru Diputatuak eta Andoni Aldekoa Euskalduna Jauregiko zuzendari nagusiak adierazi dutenez, Euskaldunak bere aretoak zabalduko ditu, arte eszenikoetan eta musikan aritzen diren taldeei diruz laguntzeko eta ikus-entzuleak erabateko segurtasunez kultura berriro kontsumitzera animatzeko.
“Aurrera Fest gure baliabideak kulturaren sektorearen esku jartzeko helburuarekin sortu da, eta musika eta arte eszenikoetako artista eta talde guztiek izango dute lekua ekimen honetan”, azaldu du Bilbaok.
Euskaldunako zuzendari nagusiak adierazi duenez, Euskaldunako esperientzia eta azpiegiturak mahai gainean jarri gura izan dituzte: “Gure indarrak batu gura ditugu sektore osoari bultzada emateko eta berrindartzen laguntzeko, agintariek horretarako baimena ematen dutenean. Kulturaren sektorea suspertzeko tresnak bideratu gura ditugu”.
Izen emateak. Ekimena antzerkian, musikan, dantzan… aritzen diren eta eurek ekoiztutako ikuskizunak aktiboak dituzten arte sustatzaileei, konpainiei, profesionalei eta taldeei zabalik dago.Gaurtik ekainaren 17ra arte, taldeek eta konpainiek euren zuzeneko emanaldietarako proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, horretarako eskatzen diren datuak emanda. Ekainaren 22an behin betiko programa jakinaraziko dute, eta sarrerak salgai jarriko dira.
Besaulkiak dituen aretoko eszenatokian eman daitezkeen ikuskizunak izan beharko dira, gutxienez 50 minutukoak, atsedenerako aukera barik.
Aldekoak aurreratu duenez, “ziurrenez jaialdia uztailean egingo da, baina erabakiko diren osasun arloko neurrien menpe gaude”.
Euskaldunak parte hartuko duten banden eta konpainien esku jarriko ditu hurrengoak: oinarrizko ekipo teknikoa; ikus-entzuleak eserlekuetan banatzeko zerbitzua; 3 areto aukeratzeko (Auditoriuma, 0B eta 0E); eta sarrerak saltzeko www.euskalduna.eus plataforma.