Herriko jai guztiak bertan behera utzi ditu Gernika-Lumoko Udalak, eta udan kultur ekitaldiak egitea aztertzen ari da
Jaiak bertan behera geratu dira, "ezin izango direlako normaltasunez egin".
Gernika-Lumoko Udalak eta herriko jai batzordeak herriko ospakizun guztiak bertan behera uztea erabaki dute.
Neurri hori osasun publikoa babesteko hartu dute, koronabirusaren krisiaren ondorioz osasun murrizketa handiak daudelako. Hori horrela, udan ohikoak diren jai eta ekitaldiak, hurrengo urtera arte ezin izango dira ospatu.
Jokin Garatea Kultura eta Jaietako zinegotziak adierazi duenez, “ekitaldi horiek ospatzeko jende asko biltzen da eta, egoera horretan, osasun-agintariek ezarritako segurtasun-distantzia mantentzea ia ezinezkoa da”. Erabakia ulertzeko eskatu die herritarrei, osasun-arrazoiengatik hartutako neurriak direlako, eta, eskerrak eman dizkie jai batzordekoei, jaien egitaraua prestatzen parte hartzeagatik eta egindako lanagatik.
Bestelako ekintzak. Hala ere, udako jardueren egutegi “alternatiboa” egitea baloratzen ari direla gehitu du: “Tokiko elkarteekin lankidetzan, udako jardueren egutegi alternatibo bat baloratzen ari gara”. Birusaren hedapena geldiarazteko ezarritako espazio publikoen okupazio-mugekin bateragarria den formatuarekin osatu gura dute egutegia, “jarduera horiek arrisku barik ospatzea ahalbidetuko duten segurtasun- eta higiene- arloko beharrezko neurriak beteta”.