SOS Gaztelugatxek Aldundiari eskatu dio biotopoaren edukiera-ahalmenaren azterketaren berri emateko
Plataformatik, gainera, inguru horretan ez dela ibilgailuen joan-etorria areagotu behar aldarrikatu dute.
Gaztelugatxeko biotopoaren edukiera-ahalmenaren azterketaren berri emateko eskatu diote SOS Gaztelugatxe plataformako kideek Bizkaiko Foru Aldundiari.
Esan dutenez, martxoan burututako azterketa batean Gaztelugatxek ez dituela egunean 1.500 bisitari baino gehiago hartu behar jasotzen “omen” zen, “baldin eta orain arteko degradazio prozesua eten nahi ez bada behintzat”.
Elena Unzueta Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko diputatuak martxoaren 14tik aurrera Gaztelugatxera doazen bisitarien kopurua eguneko 3.024 pertsonakoa izango zela esan zuen, 340 lagun gehienez aldi berean. Baina koronabirusaren pandemiaren eraginez, kopuru horiek murriztea erabaki dute. “Osasun gomendioak kontuan hartuta, eta Gaztelugatxerako sarbidearen ezaugarriak kontuan izanda, bisitak hartzeko mugak hasieran aurreikusitakoak baino murriztaileagoak izan behar dira, pertsonen arteko bi metroko distantzia bermatzeko”, esan zuen diputatuak. Hori horrela, edukiera kontrolatzeko zerbitzuari berriro ekiten zaionean, bisitarien kopurua 3.024 pertsonakoa baino gutxiagokoa izango da, baina, ez dute kopuru zehatzik zehaztu oraindik.
“Badirudi gure herrian eta planeta osoan bizi dugun larrialdi klimatikoak ez duela behar adinako pisurik izan aldundiko kudeatzaileen iritziz. Izan ere, Covid-19k eragindako osasun-larrialdia behar izan dugu, biotopoa bisitatzeko mugak ezar ditzaten”, salatu dute SOS Gaztelugatxe plataformakoek. Eta, mugatze horrek, bisitarien osasun-segurtasuna ez ezik, San Juan “etorkizuneko belaunaldientzat gordetzeko” segurtasuna ere bermatzen duela gehitu dute.
Ibilgailuen joan-etorri gutxiago. Plataformatik aldarrikatu dute ez dela ibilgailuen joan-etorria areagotu behar inguru horretan, eta, horretarako, “beharrezkoa” dela bertara oinez, bizikletaz edo garraio publikoan hurbiltzea. “SOS Gaztelugatxeren izenean adierazi nahi dugu biotopoa eta haren ingurua babesten jarraituko dugula, Aldundiak gardentasuna erakutsiz edukiera-ahalmenaren azterketa plazaratu bitartean”.
Halaber, “oraindik ere” Gaztelugatxen aparkalekua eraikitzeko proiektuari egindako 1.000tik gorako alegazioen erantzunaren zain daudela adierazi dute.