Partzuergoko haur eskolak ekainaren 22an zabaltzea aurreikusi dute
Partzuergoko haur eskolen edukiera %60an mugatuta egongo da, eta lehentasuna emango diete kontziliazioa bermatu ezin duten familiei.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek adierazi duenez, partzuergoko haur eskolak hilaren 22an zabaltzea espero dute, eta horretarako prestatzen ari dira.
Astebururuan kaleratu zuten dekretuan zehaztu bezala, haur eskolen edukiera %60an mugatuta egongo da, eta lehentasuna emango dietela kontziliazioa bermatu ezin duten familiei aitatu du Uriartek. Izan ere, hainbat eta hainbat guraso euren lan postuetara bueltatzen ari direla dio, telelana alde batera utziz. “Partzuergoko haur eskoletan, gainerako haur eskoletan bezala, kontziliazioa bermatu ezin duten pertsonak lehenetsiko dira; aurrez aurre lanean egon behar dutenak hain zuzen. Baina horrek ez du esan nahi lanean ari diren beste pertsona batzuek ezin izango dutenik eskatu euren semea haur eskolara joatea”, azaldu du sailburuak. “Beharrezko premiei” emango diete lehentasuna, baina bestelako premiei erantzuten saiatuko direla ere esan du, telelana egin behar duten gurasoen errealitateari erreferentzia eginez.
Gaur gaurkoz, partzuergoko haur eskolak osasun eta higiene neurrietara egokitzen dabiltzala dio Uriartek, osasun sailaren laguntzagaz: “Segurtasunerako neurri eta materialak erosita daude, eta suposatzen da haur eskoletan daudela dagoenerako. Eskolak prestatzen ari dira, ziurtasun neurri guztietakin hilaren 22an haur eskolak zabaltzeko”.
Hiru eszenatoki desberdin. Hezkuntza sailburuak, gainera, datorren ikasturteari buruz hitz egin du gaur, eta adierazi du, Jaurlaritza hezkuntza komunitatearekin lanean ari dela datorren ikasturtea zelan antolatu zehazteko.
Hiru eszenatoki desberdin prestatzen dabiltzala jakinarazi du: modu presentzialera itzultzea, presentzia mistoko klaseetara itzultzea eta konfinamendu egoerako hezkuntza edukitzea. “Datorren ikasturterako hiru eszenatoki desberdin prestatzeko lanean gabiltza, izan ere, eszenatoki guztiz desberdinak egon gaitezke ikasturtea hasten denean”, azaldu du Uriartek.
Ekainaren erdialderako hurrengo kurtso hasierako ebazpena kaleratu gura dute, eta hor jasoko dituzte ikastetxeen planifikazioak zer nolakoak izango diren. Baita, ikastetxe bakoitzak zein kontingentzia plan eta protokolo izango dituen ere.
Hala ere, uste du 2020-2021 ikasturtea modu presentzialean hasiko dela, “etapa eta kurtso guztietan”. Izan ere, irailean “normaltasun” egoera batean egotea aurreikusi dute: “Momentu honetan, aurreikuspenek hori gertatuko dela diote, baina azken momentura arte ezingo dugu esan ikasle denak presentzialki has daitezkeenik”. Klase presentzialak izatea aurreikusi dute, baina neurri zehatz batzuekin. “Gelan dauden ikasle guztiekin itzultzea espero dugu, baina segurtasun-neurri jakin batzuekin. Neurri horiek egun hauetan zehaztuko dira, eta eszenatokien araberakoak izango dira. Hori pentsatzen eta lantzen ari gara eragile desberdinekin”, dio.
Lehenengo eszenatoki horretara itzuli gura dute, baina beste agertoki mota batzuetarako prest egon behar dutela diote, “susperraldi bat izateko aukerak baitaude”. Hala, beste agertoki batzuk planteatu dituzte.
Beste eszenatoki horietan, segurtasun- eta higiene-neurri murriztaileagoak hartu beharko direla azaldu dute, eta irakaskuntza presentziala eta ez-presentziala izatea aurreikusten dabiltza. Irakaskuntza mistoa planteatu dute, eta horrek zentroen antolaketan zelan eragin dezakeen aztertzen dabiltza. “Horretarako, zentroak aholku batzuk jasotzen ari dira, irakaskuntza mistoa izanez gero, zentro bakoitzak bere gain hartu beharko dituelako segurtasun protokoloak zehaztea”.
Hirugarren eszenatokia erabateko konfinamendua izango litzateke, azken hilabeteetan edukitakoa: “Horretara ez iristea espero dugu, baina prebentzio neurriak ezarri behar ditugu. Hori gertatuz gero, prestatuta egoteko”.