Merkataritza Bulego Teknikoak Jaurlaritzaren merkataritza eta turismorako laguntzei buruzko informazioa emango du
Eskatzaile bakoitzari emango zaion gehieneko diru-laguntza 3.000 eurokoa izango da. Deialdia argitaratzen denetik hilabeteko epean eskatu behar izango dira laguntzak.
Gernika-Lumoko Merkataritzako Bulego Teknikoak Eusko Jaurlaritzak merkataritzarako eta turismorako ematen dituen aparteko laguntzei buruzko informazioa emango dio behar dutenei.
Laguntza horiek 15 milioi euroko zuzkidura dutela gogorarazi dute, eta koronabirusaren krisiak eragindako sektoreen negozioak konpentsatzeko direla gehitu dute. Eskatzaile bakoitzak gehienez 3.000 euroko diru laguntza jaso ahal izango du. Diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako eta onartutako gastuek ez dute 750 eurotik beherakoak izan behar, eta laguntzak beste edozein diru-laguntzarekin bateragarriak dira, “betiere diruz lagundutako kontzeptuaren kostua gainditzen ez bada”.
Jarduera nagusia turismoa edo merkataritza duten autonomoei eta enpresa txikiei emango zaizkie laguntzak, negozio-bolumena kontuan hartuta. Laguntzak jaso ahal izango dituzten negozioak izango dira osasun alarma egoeran euren jarduera etenda izan dutenak, edo salmentetan %75etik gorako murrizketa izan dutenak.
Diru-laguntzak erabili behar izango dira ondorengo gastuak ordaintzeko: jarduera garatzen den establezimenduaren erosketa estaltzera bideratutako hipoteka maileguen kuotei dagozkien ordainketak ordaintzeko, edo alarma egoera indarrean sartu eta hurrengo hiru hilabeteei dagozkien establezimenduaren alokairu ordainketak egiteko.
Laguntzak eskatzeko modua. Laguntzak eskatzeko prozedura izapidetze elektronikoa izango da, epeak hurrengo data hauetan amaituko dira: ekainaren 26an ostalaritzarakoa eta ekainaren 29an merkataritzarakoa. Ohiko dokumentazioaz gain, erantzukizun-peko adierazpen bat eskatuko da baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta diru-laguntzara aurkezten diren gastuen zerrenda eta baremaziorako informazio osagarriak ere bai.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Merkataritzako Bulego Teknikoarekin helbide elektroniko honetan edo telefono horretan: gatc@gernika-lumo.net, 94 625 79 40.