«Psikologikoki ere birusak duen eragina izugarria da»
Bermeoko Taraska Atletismoko zuzendaria, entrenatzailea, Durango Kirol Taldeko kidea eta kirolean espezializatuta dagoen fisioterapeuta eta osteopata da Amaia Piko Gabantxo (Bermeo, 1973).
COVID-19ak sortutako pandemiak, kirolean ala arlo profesionalean eragin dizu gehien?
Bietara okerrerako. Kirol mailan, etxean entrenatzea oso zaila da. Nik korrika egiteko zinta, bizi kleta estatikoa eta pesak eskura izan ditut, nire lantokian errehabilitaziorako gela dudalako. Baina 10 metro koadrotan entrenatzea, bakarrik, psikologikoki oso gogorra da. Eguzkirik ez hartzeak, beste pertsona batzurekin ezin entrenatzeak badu eragina.
Etxean entrenatzeak, gainera, errendimendua ez hobetzea ere suposatu du.
Hori da. Errendimendua mantentzea, lehengo formari eustea ezinezkoa izan da. Okerrera egin dugu. Aurredenboraldian bageunde legez gaude orain, eta apurka-apurka hasi behar dugu.
Kirol probarik ez edukitzeak ere eragina izango du orain.
Bai. Espainiako Txapelketa prestatzen ari ginen konfinamendua hasi aurretik. Orain, epe luzerako helburuak ditugu. Apurka-apurka hasi behar gara berriro korrika, entrenamendu espezifikorik egin barik. Gorputza berriro prestatzen hasi behar gara. Baina ez da erraza etxean egitea, aspergarria da, eta gogorra egiten da. Gainera, egoera zein den ikusita, entrenatzeko gogoa ere galtzen da.
Etxean kirola egiteak ze ondorio edo lesio ekarri ditu?
Lesio asko ariketak egoki ez egiteagatik dira. Youtubeko bideoetan ikusitakotik, oker egiten dena zzuentzeko inor ez badago lesioak egon daitezke. Nik telefono deiak hartu izan ditut, pazienteenak, ariketa bat egin ostean min hartu dutelako. Teknika zuzendu ezean, ezin jakin ondo ala txarto egiten ari zaren. Ariketa gehiegi egiteagatik ere eman dira lesioak. Adibidez, inoiz indarra landu ez eta pesekin ariketak egin dituztenen kasuan.
Eta kalera atera direnean?
Lehenengo egunak ‘beldurgarriak’ izan dira. Konfinamendu aurretik kirola egiten ez zuen jendea prestakuntza barik hasi da kirola egiten, edo aipagarria da baita zenbat ordu eman dituen jendeak entrenatzen, gutxika-gutxika hasi beharrean. Tendinitis kasu asko izan ditut, eta nire pazienteak izterrak hauts eginda etorri dira nigana. Bi hilabetean kalean kirola egin ezinak eragina izan du. Orain, lasaiago ari dira kirola egiten eta bestelako arazoak tratatu behar ditut.
Adibidez?
Bizkarreko minak, telelanaren ondorioz. Etxeko mahai eta aulkiak ez dira bulegoan dituzten bezelakoak; ez lan egiteko egokiak ezta ergonomikoak. Etxekoak ez dira lanean ordu asko egiteko egokiak, eta ondorioz, askok bizkarreko minak dituzte.
Eta koronabirusa izan duten pazienterik izan duzu? Zein arazo dituzte gaixotasuna pasatu ostean?
Giharretan eragina du, baina psikologikoki ere eragina izugarria da. Nekatuta datoz, beldurrekin eta babes neurri guztiak hartzen dituzte. Batzuek esan didate ez direla testarekin fidatzen, eta inor kutsatzearen beldur direla. Gaizki pasatu dute, eta kontsultara etorri diren denak bizkarreko giharrak hipotonikoak dituzte; hau da, giharretako tonifikazioa guztiz galdu dute ohean hainbeste denbora emateagatik. Beste batzuk arnas aparatuan izan dituzte arazoak, eta arnasteko ariketak lantzen ditut beraiekin. Dena den, horiek kalean bizimodu normala eginez berreskuratuko dute galdutakoa. Bizkarreko arazoekin etorri direnen kasuan zailagoa da. Errekuperazioa geldoagoa da, nekea igarten dute. Animoz baxu daude, eta gorputzak ere ez die behar bezala erantzuten.
Atleta zara, eta entrenatzailea. Zuek ere online egin dituzue umeekin entrenamenduak?
Bai, bideoak bidali dizkiegu etxean ariketak egiteko, gurasoekin, jolasak batez ere. Kalera atera direnean, kalerako ariketa bereziak agindu dizkiegu.
Ondo egokitu dira?
Guraso batzuek esaten didate umeak ari direla kalean entrenatzen, baina gehienek ezetz.
Kosta egiten zaie berriro kirolari neurria hartzea?
Bai. Umeek taldean entrenatzea dute gustuko, ez gurasoekin. Talde txikietan bada ere, elkarrekin hasten direnean gusturago ibiliko dira.
Taldean kirola egitea debekatzeko argudio bat izan da kirola egitean arnasa sakonago hartu eta kutsatzeko arrikua handiagoa dela. Kirolaria eta medikua zaren aldetik, argudio horrek oinarririk duela uste duzu?
Ez dut uste arrikusa hain handia denik. Distantzia errespetatuz gero, ez dut uste hain erraz kutsatu daitekeenik inor, elkarrekin korrika egiteagatik bakarrik, ez bada inork txistua edo gorroa botatzen dizula. Baina taldean kirola egiten zoazenean horrelakoak zainduz gero, ez dut uste arazorik dagoenik. Are gutxiago, inoren ondoan jarriz gero korrika edo kirola egiteko. Arriskutsuagoa ikusten dut inoren atzean, gertu, jarriz gero.
Bi hilabetez geldi egon ostean, probarik ez duzue lehiatuko udan.
Gure taldean 80 urtera arteko atletak daude, eta probarik ez egitea erabaki dute. Ekainaren 25ean Espainiako Txapelketa lehiatu behar genuen Alicanten, baina esan digute gure kategorian, masterrean, denboraldia amaitu dela. Agian gazteak hasiko dira uztailean, gu ez. Udazkenean broteren bat balego ere, taldekako txapelketarik ezingo dugu egin. Indibidualki bai, absolutuetan parte hartu dezakegu, baina talde modura ez.
Eta kirolari modura, nola eragingo dizu?
Ilusio pixka bat galdu dut, baina aurrera egingo dudalakoan nago. Desmotibatuta nago, ez dudalako entrenatzeko motiboa ematen didan lehiaketarik nire agendan. Baina 2021ean berriro hasteko gogotsu egongo naizela uste dut.