Hirugarren fasean, ekainaren 8tik
Eusko Jaurlaritzak hirugarren faseari buruzko erabakiak hartzeko eskumena izango du. Bizkai, Araba eta Gipuzkoako herritarrak herrialde batetik bestera ibili ahalko dira, inolako mugarik gabe.
Gaurtik aurrera konfinamendua arintzeko hirugarren fasean daude Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa. Gaurtik, beraz, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hirugarren faseari buruzko erabakiak hartzeko eskumena izango dute. Gainera, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako herritarrak herrialde batetik bestera ibili ahalko dira, inolako mugarik gabe; hala ere, oraingoz, ezingo dira Nafarroara joan, ezta alderantziz ere.
Euskal Autonomia Erkidegoan, bidaiarien garraioak %100 edukiera eta maiztasuna izango dute. “Nahitaez” maskarak jantzita eroan beharko dituzte erabiltzaileek, eta pertsonen artean segurtasun distantzia mantentzen saiatu beharko da. Aurrerantzean, gainera, 20 pertsona elkartu ahalko dira.
Nekane Murga Osasuneko sailburuak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak prentsaurrekoa eman zuten zapatuan, hirugarren faseko xehetasunak emateko. Azaldu zutenez, familia-kontziliazioa errazteko neurriak arautuko dituzte, horren aldeko apustua eginez.
Bi sailburuek positiboki baloratu zuten hirugarren fasera igarotzeko baieztapena. “Bizkai, Araba eta Gipuzkoak ikuspuntu asistentzial eta epidemiologikotik baldintza guztiak betetzen dituela erakusten duen beste adibide bat da”, esan zuten. Hala, normaltasun berria lortzeko bidean “beste urrats bat” dela nabarmendu zuten.
Jarduera fisikoa garatzeko adinekoentzako eta ahulentzako “lehentasunezko” tartea mantenduko da hirugarren fasean ere: 10:00tatik 12:00tara eta 19:00tatik 20:00tara.
Eusko Jaurlaritzak 0-3 urtekoentzako haur eskolak irekitzea baimenduko du gaurtik aurrera, gehienez edukieraren %60. Ospitaleko, etxeko eta hezkuntza terapeutikoko hezkuntza arretarako lurralde zentroetan aurrez aurreko jarduerari ekingo diote.
Bestalde, haur eta gazteentzako aisialdiko jarduerak ere baimendu dituzte. Aire zabalean direnean, gehienezko edukieraren %60ra mugatuko da parte hartzaile kopurua, eta gehienez, 200 parte hartzaile egon ahalko dira, hezitzaileak ere kontuan hartuta. Eremu zarratuetan, edukiera %60ra mugatuko da, baina gehienez, 80 parte hartzaile egon ahalko dira, hezitzaileak kontuan hartuta. Kasu batean zein bestean, gehienez, 15 laguneko taldeetan —hezitzaileak barne— batu ahalko dira.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoan ez da gehienezko edukierarik egongo ostalaritzan, elkarte gastronomikoetan eta jatetxeetan. Barrura sartzea eta barran zerbitzua ematea baimentzen da, bezeroen edo bezero taldeen artean bi metroko distantzia fisikoa mantenduta. Diskotekek eta gaueko tabernek zarratuta jarraitu beharko dute.
Hoteletako eta turismo-ostatuetako leku komunak, gehienezko edukieraren %60ra mugatuko da, pertsonen arteko gutxieneko segurtasun distantzia mantenduta. Turismo aktiboko jardueretan, gehienez, 30 pertsona batu ahalko dira.
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, liburutegiak, museoak, azokak egiteko eremuak, erakusketa aretoak eta zinemak zabalik egongo dira, gehienez, %60ko edukierarekin. Leku itxietan kultur jarduerak egiteko, gehienezko edukiera %60 izango da, eta 80 pertsona elkartzeko aukera egongo da, aurrez ezarritako eserlekuetan. Aire zabalean ere, gehienezko edukiera %60koa izango da, baina 1.000 lagun elkartzeko aukera egongo da, eserlekua aurrez ezarrita.
Gaurtik aurrera, gainera, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan kirol instalazioak —igerilekuak ere— zabaldu daitekez daitezke; gehienez, %60ko edukierarekin. Bermeoko Areneko kiroldegiak, esaterako, gaur zabaldu ditu ateak. Taldeko entrenamenduak ere martxan has daitezke, kirolarien arteko interakzioarekin, arrauneko, banku finkoko eta pilotako diziplina guztietan.
Iñigo Urkullu lehendakariak alarma egoera hasi zenetik astero deitutako erkidegoetako presidenteen bileran parte hartu zuen atzo. Urkullurentzako, hurrengo urratsa, fase berean dauden erkidego mugakideen arteko mugikortasuna izan beharko luke. Modu horretan, Kantabria, Errioxa eta Nafarroako presidenteei eskatu die erkidego horien eta EAEren arteko mugikortasuna datorren asteko astelehenerako adostea.
Bestalde, industriaren aldeko “apustu sendoa” egiteko beharra nabarmendu zuen.