Oier Goitia presoa aske utzi dute
15 urteko zigorra bete du, eta gertukoek adierazi dutenez, zapatuan helduko da Genika-Lumora
15 urteko kartzela zigorra bete ostean, aske utzi dute Oier Goitia Abadia presoa. Galdakaoztarra, Busturialdean sustraituta dago Oier Goitia. Gaur atera da preso eduki duten Topas espetxetik (Salamanca, Espainia).
2005. urtean atxilotu zuten Goitia, Frantziako gendarmeek. Frantzian bost urteko zigorra bete ostean, espainiaren esku utzi zuten Goitia. Espainiako Fiskaltzak 20 urteko zigorra eskatu zuen Goitiarentzat, lau delitu leporatuta. Espainiako Auzitegi Nazionalak, baina, 10 urteko kartzela zigorra betetzera zigortu zuen.
Goitiaren gertukoek jakinarazi dutenez, zapatuan helduko da Gernika-Lumora. Pasealekuan hartuko dute, 13:00etan, lagunartean. Lagun eta senideei dei egin diete harekin topa egitera joateko, babes neurriak hartuta. Horretarako, maskarak erabiltzeko eta metro biko distantzia mantentzeko eskatu dute.