Gure Eskuren aldarria plazara bueltatuko da domekan
Hamaika Gara-ren Busturialdeko ekitaldia Gernika-Lumon egingo dute; 12:30ean Auditorioan batzeko deia egin dute, eta ondoren batzarretxea inguratuko dute.
Hemen erabaki. Herritarrok erabaki leloagaz dator oraingoan Gure Esku. Krisi honi herri bezala erantzun bat emateko premia eta borondatea irudikatuko dute: “Kaleak eta plazak berreskuratzen hasi eta aldarrikapenez beteko ditugu. Tokiko erabaki burujabeak hemen eta guztion artean erabakiko ditugu. Herritarrok krisi honi ematen zaion erantzunean parte hartu nahi dugu. Etorkizuna berreraikitzea herritarron esku dago. Gauzak errotik aldatzeko berreraikuntza herritarron eskutik etorriko da edo ez da izango”.
Hamaika Gara mobilizazio bateratuak Euskal Herriko plazak bete gura ditu domeka honetan [ekainak 7], eta Busturialdean, Gernika-Lumon egingo dute eskualde mailako ekitaldia. 12:30ean Auditorioan elkartzeko deialdia egin dute, Gure Eskuren kamisetekin eta maskarillekin, eta ondoren, batzarretxea inguratuko dute.
Kartoietan norberak gura duen aldarrikapena islatuko du; etxetik kartoietan idatzita mezuak eroan daitezke, eta antolatzaileek bertara ere eroango dute materiala. Kalean ez ezik, sare sozialetan ere irudikatuko da mobilizazioa. #HemenErabaki eta #HerritarrokErabaki traolak erabiltzeko eskatu dute, eta @Hamaika-Gara eta @Gure_Esku aipatzea bidalketetan.
Neurriak. Parte hartzaileen osasuna zaintzeko eta ekimena modu arduratsuan antolatzeko higiene eta prebentzio neurri zorrotzak hatuko dituztela jakinarazi dute. Aipatu moduan, parte hartzaileek maskarillekin joan behart dute, eta horrez gain, segurtasun distantziak “momentu oro” mantentzeko eskatu dute, eta hidrogel desinfektatzaileak eskainiko dituzte.
“COVID-19ak eragindakoa bezalako krisi globalei ere tokian tokian erantzun behar zaiela sinisten dugu”.
Hamaika Gara. Osasun krisiaren ondorioz, Hamaika Gara ekimenak erreferendumaren aldeko sinadura bilketa “aktiboki sustatzeari utzi zion”, baina gogora ekarri dute internet bidez sinatzeko aukera dagoela.
Erabakitzeko eskubidea herritarren eskaerak eta aldarrikapenak bideratzeko tresna izan daitekeela ikustarazteko hasitako bidean jarraitzen du Hamaika Garak: “Zertarako erabaki nahi dugu herritarrok? Gure bizitzetan eta komunitatean eragiten duten auziei nahi eta behar ditugun erantzunak emateko”. Bizitza duinak, eskubideak eta burujabetza elkarlotuta daudela azpimarratu dute.
Hamaika Gara erreferendumaren alde manifestuan jasotako ideiek gaurkotasun osoa izaten jarraitzen dutela uste dute: “Bizitza erdigunean jartzeaz eta zaintza lanak berrantolatzeaz hitz egiten dugu testuan, ekonomia herritarron beharren arabera antolatzeaz eta kalitatezko osasun sistema bat bermatzeaz. COVID-19ak eragindakoa bezalako krisi globalei ere tokian tokian erantzun behar zaiela sinisten dugu, eta kudeaketa hori lankidetzan eta herritarrekin egin behar dela. Krisi honen ondorioei Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diegu”.
Ekimenaren kideen berbetan, egungo osasun krisiak gizartearen indargune eta ahuleziak “muturrera” eroan eta azaleratu ditu, eta mahai-gainean zeuden “hamaika auziak, orain, akaso, agerikoagoak” direla diote. Krisiak inflexio puntuak, aukera zein arrisku eta “zirt edo zart egiteko garaiak” izan direla gogoratu dute, eta krisiaren aurrean berreraikuntza egongo bada, herritarren eskutik izango dela argi daukate.
Hala, egoeraren kudeaketaren azterketa egin dute: “Alarma egoeraren kudeaketak agerian utzi du zein ahula den gure herriaren autogobernua. Estatuek krisia neurri zentralizatzaileak ezartzeko erabili dute; egoera larrienei erantzuteko egokienak Gobernu zentralak direla sinestarazi nahi izan digute. Ulertezina iruditzen zaigu gure erakunde publikoek gizarteko alor ezberdinetako eragileekin lankidetza handiagoa ez sustatu izana. Premiazkoa da gobernantza eredu berri eta demokratikoago baterantz urratsak egitea”.