Azken hilabeteetan nabarmen jaitsi dira jabetzaren aurkako delituak
Bermeoko Udaltzaingoak hainbat ekintza prebentibo jarri ditu martxan, herritarrengandik hurbilago egoteko eta horien segurtasuna bermatzeko.
Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, azken hilabeteetan nabarmen jaitsi dira jabetzaren aurkako delituak. Bermeoko udaltzainburu Aritz Floresen esanetan, itxiera egoerak iraun duen bitartean, lapurreta oso gutxi egon dira, eta bide beretik jarraitzea dute helburu.
Era berean, Bermeoko Udaltzaingoak hainbat ekintza prebentibo jarri ditu martxan. Horiekin, jabetzaren kontrako delituek maila apalean jarraitzea, herritarrengandik hurbilago egon eta bermeotarren segurtasuna eta osasuna bermatu gura dituzte. Diotenez, udaltzainek oinezko patruilak areagotu dituzte, bai eta baserri auzoetan ere. Auzoetan, gainera, auzotarrekin elkarrizketa laburrak izaten ari direla azaldu dute. Gomendio batzuk ematen dizkiete, eta susmagarria den zeozer ikusi duten galdetzen diete. Baiezkoa baldin bada, informazioa batzen dute ikerketa hasteko. Udaltzainburuaren arabera, baserri auzoetan “asko eskertu ” dute udaltzainen “laguntza eta presentzia”.
Bestalde, Ertzaintzarekin kooordinatuta, trafikoko kontrol prebentiboak ere egiten dabiltza. Ibilgailuen egoera administratiboa eta COVID-19ak sortutako arau berriak betetzen direla kontrolatzeaz gain, herritik igaro edota herrira sartzen diren ibilgailu susmagarriak identifikatzen dituzte. Hala, identifikatutako ibilgailu susmagarriei jarraipena egiten diete.
Udaltzainek jasotzen duten informazioa, ondoren, Ertzaintzarekin partekatzen dute; bien artean ikerketak egiteko. Ekintza horiek guztiak, gauez eta egunez egiten dituztela jakinarazi dute.
Udaltzainburuak gogorarazi duenez, COVID-19ak sortutako arau berrien kontrola ez da gelditu. Joan den astean bainu gune ezberdinetan (Aritzatxu, Arribolas, talape…) kontrolak handitu zituzten, “herritarren segurtasuna eta osasuna bermatzeko”.