Azken datuen arabera, 373 positibo egon dira Busturialdean
Eusko Jaurlaritzak osasun eremuetan egon diren hildakoei dagokienez gaur emandako datuen arabera, Busturialdeko osasun eremuetan 23 hildako egon dira COVID-19agatik.
COVID-19ari buruzko informazioa emateko egunero kaleratzen duen buletinean aldaketak egin zituen Jaurlaritzak maiatzaren 14an. Ordutik herriz herriko positiboak agertu ordez, egunean eguneko positiboak agertzen ziren txostenean. Gaur, baina, herriz herriko datuak zehaztu dituzte, eta horien arabera, gaur arte 373 positibo egon dira Busturialdean: 149 Bermeon, 95 Gernika-Lumon, 51 Mundakan, 44 Busturian, bosna Elantxoben eta Foruan, launa Gautegiz Arteagan, Ibarrangelun eta Kortezubin, hiru Morgan, bina Arratzun, Mendatan, Muxikan, Nabarnizen eta Sukarrietan eta bana Ereñon eta Errigoitin.
Osasun sailak gaur emandako datuen arabera, osasun eremuetan egon diren hildakoen artean, Busturialdeko osasun eremuetan 23 hildako egon dira COVID-19agatik; Bermeoko osasun eremuan 15, Gernikaldean 6 eta Gernikan 2. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 1.561 pertsona hil dira orain arte (atzo 8 hildako ). Gaur gaurkoz, 22 pertsona daude ZIUn.
20.007 herritarrek eman dute positibo, eta horietatik %83,8 (16.757 pertsona) dira sendatutakoak edo alta emanda daudenak.
3.695 proba egin zituzten atzo (2.763 PCR eta 932 test azkar). 5 pertsonak eman zuten positibo PCR proban (3k Araban eta 2k Bizkaian), eta test azkarretan, berriz, 45ek.
“Joera positiboa da, kutsatuen kopurua gutxitzen ari gara pixkanaka, progresiboki eta ospitaleetan ere gero eta jende gutxiago dago ingresatuta. Ikuspegi epidemiologikotik hobekuntza agerikoa da, hobekuntza astiroago ikusten ari gara, baina progresiboa da. RO 0,74a dago, eta atzoko PCR probetatik %1,8 dira positiboak; horrek erakusten digu pandemiari neurria hartuta gaudela”, azaldu du Iñaki Berraondo Zabalegi Osasun sailburuordeak.