Presoen etxeratzea eskatzeko giza katea egingo du Sarek ekainaren 19an, Gernikan
'Loratxu bat etxerako bidean' ekimena egingo du Gernika-Lumoko Sarek ekainaren 19an, "Izan Bidea” izeneko dinamika herritarraren baitan.
Dispertsio politikagaz amaitzeko eskatuko du Gernika-Lumoko Sarek ekainaren 19ko giza katean. 19:30ean Foruen plazan jarri dute hitzordua, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.
Loratxu bat etxerako bidean ekimena egingo du Sarek, Izan Bidea izeneko dinamika herritarraren baitan. Proposamen horregaz, euskal presoen etxerako bidea saretzen jarraitu gura dute, aktibazio soziala bilatuz eta beste hainbat ekimen sozial, politiko eta instituzional ezberdinekin konektatuz. Izan ere, diotenez, herri mailan, Euskal Herri mailan edota nazioartean gauza daitezkeen ekinbide guztiek bere garrantzia dute: “Gernika-Lumon gure ekarpena bideratzeko ubide izaten saiatuko gara”.
Helburu horregaz, gaur egungo egoeran euskal presoek bizi duten salbuespen egoera azaleratu gura dute, izan ere, koronabirusaren ondorioz, presoen egoerak are muturragokoak dira: “Muturreko egoera kronikoak muturragoko eta kronikoago bihurtu dira.Azken hilabeteetan adibide lazgarri ugari ezagutzen gabiltza”.
Salbuespen neurrietan ezarritako espetxe politikak “oinarrizko eskubideak sistematikoki” urratzen dituela salatu dute, eta osasun krisiak eskubide urraketa horiek areagotu egin dituela diote: “Lehen egunetik presoek eta haien senide eta hurkoek ez dutelako bisitarik eduki, adibidez. Horrek sortzen duen ezinegon guztiagaz”. Orain, deseskaladan egonda ere, presoen egoerak “bere horretan” dirauela diote, dispertsioaren ondorioz ezin dituztelako senideen bisitak jaso: “Milaka kilometrotara egonik, bisitak egiteko oztopo bihurtu da”.
Eskaerak. Osasun krisiak agerian utzi duela “konpondu gabeko afera” diote, eta irtenbidea bilatzea ezinbestekoa dela deritze: “Euskal preso, iheslari eta deportatuen egoerari irtenbidea bilatzea beharrezkoa zen atzo, eta gaur egun, pandemia tarteko, are gehiago”.
Hala, Espainiako eta Frantziako gobernuek euskal presoei ezartzen dieten salbuespen legedia bertan behera uzteko eskatu dute, “urgentziaz” eta “behin betiko”. Hala, euskal preso guztiak Euskal Herrira hurbiltzea aldarrikatu dute, eta larriki gaixo dauden zen 65 urtetik gorakoak aske beharko luketela gogorarazi dute. “Gradu progresiboa ahalbidetuz, baldintzak betetzen dituzten presoek ere etxean egon behar dute”, gehitu dute.
Halaber, presoek eta senideek dagozkien bisitak berreskuratu behar dituztela eskatu dute.