Emakume Pilotarien Elkarteko kideak ez direla adierazi dute hainbat pilotarik
Oharra kaleratu eta sinatu dutenen artean daude Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkarteko kide diren Olatz eta Janire Arrizabalaga aizpa gernikarrak.
21 pilotarik sinatu duten idatzian diote, eurak ez direla Emakume Pilotarien Elkarteko kide, eta horrenbestez, euren klubek ordezkatzen dituztela. Horien artean daude Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkarteko sei pilotari: Olatz eta Janire Arrizabalaga aizpa gernikarrak, Enara Anitua aulestiarra, Olatz Beitia lekeitiarra, Naroa Martinez mallabiarra eta Irati Ugalde galdakaoztarra.
Sinatzaileen ustez, elkarteak pilotari denen izenean adierazpenak egin ditu hainbatetan, “eurak elkarte horren parte izan barik”. Adibide moduan jarri dute, aurreko astean elkarteak “Emakume MasterCup-en kontra oharra atera zuela denen izenea”, eta 21 pilotari hauek diote ez daudela ados, ez dela bidezkoa.
EPEk aurreko barikuan adierazi zuen “desadostasuna agertzen duela Master Cup txapelketak hartutako jarrerarekin, pilotarien behar eta nahiei begiratu beharrean bere probetxu eta interes propioak lehenesten ari delako”. Hala, eskua luzatu dio elkarlanean jardun nahi duen orori, eta horrenbestez, baita Master Cup txapelketako antolatzaileei ere, “guztion onurarako” arituko badira. “Denoi dagokigu pilotaren egitura duina lortzeko ardura, gizon zein emakume, pilotari guztien mesedetan”, azpimarratu duen elkarteak.
Hala, 21 pilotariek argi utzi dute inoren kontra ez daudela, baina euren klubetako kideak direla, eta hortaz, euren klubek ordezkatzen dituztela. Halaber, Emakume MasterCup-a “aukera oso handi baten moduan” ikusten dute. Olatz Arrizabalagak argi utzi du txapelketa jokatzea beti egon dela euren erabakiaren esku: “Egin dituzten adierazpenekin ematen du, jokatzera derrigortu egin gaituztela, eta ez da horrela izan. Guk jokatu gura dugu txapelketa hori, eta aukera eman zaigu. Guk aukeratu genuen jokatzea, eta uste dut ez dela arinegi. Beste kirol guztietan ere normalizaziorako bidean doaz; futbolean eta arraunean, adibidez. Uste dut normalizazio horretara bueltatu behar garela, eta ez dela arinegi eta ez dela derrigortu gaituzten gauza bat”.
Gernikarrak dioenez, askok uste dute pilotari ia gehienak elkarteko kideak direla: “Emakume pilotari guztiak elkartekoak ez garela jendeak jakin dezan atera dugu oharra. Euren adierazpen guztiak ez dira pilotari guztion adierazpenak. Gu klubetakoak gara; ez gara elkarte batekoak”.