Muruetako udaletxea lekualdatzen dabiltza, hainbat urteko lanen ostean
Arreta presentzialagaz hasten direnean, udaletxe berrian egitea dute helburu, Eleizaldeko abadetxean, hain zuzen ere. "Ahalik eta arinen" zabaltzea da asmoa.
Pausoz pauso lanak egiten ibili da Muruetako Udala, eta lanak astiro joan diren arren, orain dela zortzi urte inguru hasitakoa amaitzera doaz. Eleizaldeko abadetxeak udaletxe moduan ateak zabalduko ditu berehala, egunotan ari dira lekualdaketa egiten.
Koronabirusaren egoeragatik udaletxea zarratuta egon dela aprobetxatu dute, leku batetik bestera gauzak mugitzen hasteko. Arreta presentzialagaz hasten direnean, udaletxe berrian hastea dute helburu. “Zerbitzu guztiak zentralizatu gura ditugu udaletxe berrian. Azken aldian, gainera, Internetegaz arazoak izan ditugu. Hortaz, erabaki genuen aldaketekin hastea, arreta presentzialagaz hasten garenean Internetegaz hasteko eta zerbitzu hobeak eskaintzen”, esan du Muruetako alkate Julen Karrionek.
Joan den eguenean hasi ziren lekualdaketagaz, eta oraindik dokumentazioa mugitzen dabiltza. Hortaz, oraindik ez dakite zehatz noiz zabalduko dituzten udaletxe berriko ateak; hori bai, “ahalik-eta arinen” izango dela esan du alkateak.
“Gogotsu” daude: “Herriaren nukleoan dagoen eraikina da, eta hasiera hasieratik gaude lanak ikusten, fasez fase. Udaletxea herrigunera ekartzea zen helburua, herritarrei erraztasunak eman asmoz. Udaletxe berria elkargunea izatea gura dugu, eta zerbitzu guztiak Eleizalden bertan pilatu”.
Azken lanetan, galdaragaz izan dituzte arazoak. Goiko solairuan, bestalde, argien konexioa egitea ere falta zen, bai-eta eraikin barruko lan txikiak egitea ere. Lanak aprobetxatu dituzte, gainera, artxiboentzat lekua egiteko, “ez zegoelako”. Goiko solairuan dagoen gela handi baten egin dute artxiboa, hala ere, oraindik gela handia geratzen dela dio Karrionek. “Udaletxe zaharreko dokumentuak berrira ekartzea da helburua, hala ere, ez dakigu dena sartuko den”. Goiko solairu horretan, gainera, ikasketa gela bat eta irakurketa gela bat egitea pentsatu dute; “orain arte ikasketa guneak jartzeko probak egin dituzten arren, ez dituzte aurrera egin. Gustura egoteko lekua egin gura dugu, eta erakargarria dena”.
Eta, goiko solairu horretan ere garbitzaileentzako gela bat ere sortu dute, “orain arte eduki ez dutena”.
Beheko solairuan kokatuko dute, berriz, osoko bilkuren aretoa, eta areto hori beste edozein gauza egiteko aprobetxatu ahalko da; erakusketak, hitzaldiak…
Azken ukituak. Ateak zabalduko dituzten arren, oraindik zer egin egongo dela dio alkateak: “Sartu arte ez dakigu zer faltako den. Barruan gaudela ikusiko dugu zer falta den, osatzen joateko”.
Orain arteko udaletxeagaz zer egingo duten oraindik ez dakite, “ideak badauzkaten arren”. Alkateak gogorarazi duenez, eraikin handia da eta herriko historian garrantzia handia izan duen eraikina ere bada. Aukera ugari ematen dituen eraikina dela nabarmendu du.
Eleizalde auzoa herrigune modura indartzea izan dute helburu azken urteetan egindako lanekin. Orain arte udaletxea herrigunetik “apur bat kanpo” geratzen zen. Udaletxea, hortaz, Eleizalden egotea garrantzitsua izango dela uste du Karrionek. “Denon elkargunea izatea gura dugu, udaletxea herritarren etxea delako”.