Mikroenpresei eta autonomoei lagunduko die Eako Udalak
COVID 19-ak eragindako ondorio ekonomikoak arintzeko asmoz, 500 euroko diru laguntza jasoko du eskatzaile bakoitzak.
Alarma egoeraren neurriengandik ekonomikoki kaltetu diren autonomoentzako eta mikroenpresentzako 7.500 euroko diru laguntza onartu dute Eako Udalean. Hain zuzen, eskaera egiten duten ostalaritzako jardueretarakoek, merkataritza establezimentuetakoek eta landetxetakoek 500 euroko zenbateko finkoa jasoko du bakoitzak.
Hala ere, eskaeren kopurua bideratutakoa baino handiagoa bada, zenbatekoa handitu ahalko du udalak, daukan finantza-erabilgarritasunaren arabera. Era berean, diru laguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu, bakarrik edo beste diru laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuekin batera, diruz lagundutako jardueraren kostua.
Diru laguntzaren onuraduna izateko, ezinbestean justifikatu beharko da COVID-19ak eraginda jarduera ekonomikoa eten behar izan dela. Horrez gain, hiru baldintza hauek bete beharko dituzte laguntza eskatzen dutenek: Helbide fiskala Ean izatea, gutxienez 2020ko martxoaren 14tik Ekonomia Jardueren Gaineko Zergan (EJZ) alta emanda egotea eta autonomoen kasuan, aurkeztutako jarduera ekonomikoa jarduera nagusia izatea, hau da, diru sarreren iturri nagusia.
Zehaztu dutenez, eskabideak aurkeztu diren hurrenkeraren arabera emango dituzte diru laguntzak. Alarma egoera amaitu eta bi hilabetera arte edo irailaren 30era arte (lehenago amaitzen ez bada) aurkeztu daitezke eskabideak.
Egungo egoeragatik, ahal izanez gero, eskabideak bide telematikoz bideratzea gura du udalak, eta horretarako udalaren webgunean jarri dute laguntzaren eskaera orria deskargatzeko aukera. Hura bete ostean, udala.ea@bizkaia.org helbide elektronikora bidali behar da. Salbuespen modura, paperean udaletxean jaso eta utzi daiteke eskaera orria.