Itxaropen mezutik ekintzetara doa #Danonartean ekimena
#Danonartean ekimeneko sustatzaileek azaldu dutenez, helburua orain ez da aurreko egoerara itzultzea, hobetzea baizik.
Busturialdea herriz herri ari da lanean bere jardueraren pultsu berreskuratzeko. Pultsu horretan dabiltza Busturialdeko herrietan bizi eta lan egiten duten guztiak. Horretarako abiatu zuten #Danonartean ekimena; gaur egun, 60tik gora erakunde publiko zein pribatuk parte hartzen dute horretan. Horiak guztiak, inor atzean utzi barik, elkarregaz, toki eta udalerriaz gaindiko mailan lan egiteko prest daude.
Normaltasun berria “zalantzazkoa” dela diote. “Sektore guztietako erakundeek, elkarteek, enpresa publikoek eta enpresa pribatuek ahaleginak egin dituzte konfinamenduaren zailtasunak gainditzeko. Deseskaladan, berriz, beren ahaleginak areagotu dituzte, beren maila eta erantzukizunetatik abiatuta. Eskura dauzkaten baliabide guztiak jarri dituzte beren udalerri, eremu eta sektoreetan jarduerari berriz ekiteko”.
“Ekitea da jarrera”, diote. “Erakunde publikoek aurrekontuak berrikusi dituzte, eta finantzaketa gehiago bilatu dituzte beste erakunde batzuetan, laguntzak eskaintzeko tokiko enpresei, saltoki txikiei, ostalaritzari eta pertsonei; izan ere, koronabirusak goizetik gauera suntsitu zuen horien guztein lan errealitatea”.
Azaldu dutenez, helburua orain ez da aurreko egoerara itzultzea, hobetzea baizik: “Ilusio berriak sortzea eta pertsonen ongizatea eta eskualdeko etorkizun sozioekonomikoa eta kulturala bermatzea, herriz herri”.
Erakundeek, udalek, enpresek, autonomoek eta elkarteek abiarazitako neurri guztiak norabide berean doazela azaldu dute, “eta horrek sinergiak, zeharkako ekimenak eta lankidetza-proiektuak sortuko ditu, eskualde barruan elkarri lagunduta”.
Konfinamendua amaituta, Busturialdea-Urdaibain bizi diren pertsona guztien kezka ekintzaileari dei egiteko unea dela uste dute, ekonomia eredu bat lortzeko. “Gure betiko bizitzei eta jarduerei berriro heltzen hasi gara. Lehentasuna eman behar diogu gure eskualdeari. Arrakasta inoiz baino gehiago ahalegin kolektiboan dago”.