EAEn aldi baterako erregulazio txostenen eraginpean egon direnen erdiak jarraitzen du egoera horretan
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %2,22 egin du gora lan bila ari direnen kopuruak; apirilean baino 3.072 langabe gehiago daude.
Jardueraren suspertzea Bizkai, Araba eta Gipuzkoako lan merkatuan “dinamizatzen hasi dela” esan dute gaur. Lanbidetik azaldu dutenez, osasun krisia hasi zenetik maiatzaren 28ra, aldi baterako erregulazio txostenetan sartzeko eskaerek 200.652 pertsonari eragin diete. Gaur eman dituzten datuen arabera, maiatzaren amaieran, 100.300 pertsonek jarraitzen zuten aldi baterako erregulazio txostenaren eraginpean eta prestazio horretan altan emanda.
“Hasi gara tunelaren amaieran argia ikusten, eta gure jarduera hasi da suspertzen, baina oraindik ez zaio aurreko erritmoari heldu, eta horrek jarraitzen du ondorioak uzten”, esan du Lanbideko zuzendari nagusi Borja Belandiak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %2,22 egin du gora lan bila ari direnen kopuruak; apirilean baino 3.072 langabe gehiago daude, eta dagoeneko 141.715 pertsona daude izena emanda lan bulegoetan. Jakinarazi dutenez, ostalaritza eta merkataritza sektoreetan nabaritzen da eraginik handiena; langabe berriak kontuan hartuta, 2.193 zerbitzuen sektorekoak dira.
Belandiak esan duenaren arabera, maiatzean, langabeziak behera egin ohi du, “baita krisialdi urteetan ere”. Egoera normaletan, 4.500 edo 5.000 langabe gutxiago egoten direla aipatu du, “baina hori ez da gaur egungo errealitatea”. “Zenbait sektore oraindik beren normaltasunetik urrun daude, eta gauzatu ez diren kontratuetan ere islatzen da”.
Maiatzean 33.750 kontratu sinatu zirela azaldu du Belandiak, aurreko hilean baino %26,9 gehiago.