Museoak ekainaren hamabostera bitartean zabalduko dituzte, osasun arloko segurtasun neurri guztiekin
Bakearen Museoak gaur ireki ditu ateak, eta ekainaren 9an zabalduko dituzte Gernikako Euskal Herria Museoa eta Bermeoko Arrantzaleen Museoa. Santimamiñeko koba aurretiazko hitzorduagaz bisitatu ahalko da ekainaren 9tik aurrera.
Bizkaiko museoak ekainaren lehenengo hamabostaldian irekiko dira, osasun arloko segurtasun neurri zorrotzekin. Bakearen Museoak gaur ireki ditu ateak, eta bihar zabalduko ditu Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar Museoak.
Bizkaiko Foru Aldundiaren museo eta areto sareak, berriz, ekainaren 9an irekiko ditu ateak. Eta bertan daude Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa eta Bermeoko Arrantzaleen Museoa. Santimamiñeko koba ere ekainaren 9an zabalduko dute, eta, egun horretatik aurrera, aurretiazko hitzorduarekin bisitatu ahal izango dela zehaztu dute.
Zentro horiek ezaugarri bereziak dituzte, eta asko espazio berezietan daude; horietan, kalitatea eta bisitaren edukia lehenesten dira, eta ahalegin handiagoa egin behar izan da espazioak egokitzeko eta eskaini izan diren jardueretan aldaketak egiteko.
Zentroei zeregin horretan laguntzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak zentroak berriro irekitzeko plan bat egin du. Plan horretan, Bizkaiko kultura ondarearekin lotutako 36 museok eta zentrok egindako ekarpenak jaso dira, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren oniritzia jaso du. Neurrien plan hori Bizkaiko museo guztiekin partekatu da, azpiegitura bakoitzean egin beharreko egokitze-lanak errazteko eta, bakoitzaren berezitasunak kontuan harturik, segurtasun protokolo bat idazteko.
Beraz, Bizkaia prestaketak egiten ari da kultura-espazioak espazio seguruak izan daitezen, eta, era berean, herritarrek gozatzeko lekuak, kalitatezko zerbitzua eskainita. Museoetan neurri hauek hartuko dira, besteak beste: pertsonen artean bi metroko distantzia mantenduko da, espazioak sarritan garbituko dira, ahalik eta gehien mugatuko da ordainketak eskudirutan egitea, maskara nahitaez erabili beharko da, eta debekatuta egongo da kutsatzea eragin dezaketen azalerak ukitzea (barandak, heldulekuak, eskudelak, botoiak, ukipen-pantailak eta antzekoak). Ibilbideak egokitu dira, eta seinale gehiago jarri dira. Gainera, espazio gehienetan mantendu egin da jendaurreko zerbitzua.
Tailerrak etenda. Irailera arte eten dira museoetako tailer guztiak. Hala ere, beste jarduera batzuk egin ahal izango dira, besteak beste, bisitaldi gidatuak edo erakustaldiak, nahiz eta ohi baino talde txikiagoetan egingo diren. Zentroetako teknikariek COVID-19aren prebentzio neurriei buruzko prestakuntza jaso dute, egoerari aurre egiteko.