Jon Erezuma eta Jon Carles Monteagudo gogoratu dituzte
Euskal herritarrak hil zituztela 29 urte bete ziren maiatzaren 30ean, eta euren omenez ekitaldia egin zuten asteburuan, Gernika-Lumon.
Jon Erezuma eta Jon Carles Monteagudo euskal herritarrak hil zituztela 29 urte bete ziren maiatzaren 30ean, eta euren omenez ekitaldia egin zuten atzo eguerdian Gernika-Lumon.
Erezuma, Monteagudo eta “askatasunaren eta sozialismoaren alde borrokatu ziren gudariak” omendu zituzten: “Aurten ere, borrokaren duintasuna eta oroimena gogoratu ditugu”.
Erezuma da borroka armatu baten hil den eskualdeko azken herritarra. “Eskualdean, Euskal Herrian bezala, asko izan dira bizitza eman dutenak Askatasunaren eta Sozialismoaren aldeko borrokan. Enbor bereko ardaxkak. 1934an sozialismoa eta herri boterea aldarrikatzeko, Gernikan eta Bermeon barrikadetan matxinatu ziren hainbat langile, eta 1937an faxismo espainiarrari aurre egin zioten beste hainbatek”, gogoratu zuten omenaldian. Hala ere, “tamalez”, faxismo espainiarrak, nazi alemanek eta faxista italiarrek eskualdea okupatu zutela esan zuten, “milaka heroiotza, ehundaka preso, exiliatu, lapurreta, bortxaketa eta inposaketa ekarriz”.
Errepresioa. Gaur egun ere, “errepresio motak aldatu badira ere”, errepresioak irauten duela salatu zuten omenaldian: “Askatasun pertsonal sentsazio handiagoa sentitzen badugu ere, estatu faxista honek agintariak aldatu arren, helburuak argi ditu. Estatuaren batasuna eta sistema kapitalista negoziaezinak dira eta haien medio guztiak jartzen dituzte asimilazio bidean, herritar sumisoak sortzeko helburuarekin”.
Aurten, Covid-19 aitzaki, askatasun eskubideak murrizteko arriskua dagoela adierazi zuten. Hala ere, Euskal Herrian Patxi Ruizek beste preso batzuekin batera eramaten ari den borrokak Euskal Herriko kaleak bete dituela gogoratu zuten, “elkartasun eta duintasunez”. Eta hori dela jarraitu beharreko bidea uste dute.